Telebista ikusten ikasi

UPV/EHUko Komunikazio eta Hezkuntz Baloreetako Katedrak nerabeek gustokoen dituzten pertsonaiek zein balore transmititzen dituzten hausnartzea nahi du. Nerabeek telebistan gustokoen dituzten pertsonaien baloreak bereganatzen dituztenez elebistako edukiak klasean bertan lantzea proposatzen da

Telebista edota Internetek ez dute zertan eragin negatiboa izan behar; gakoa, erabilpen zuzenean datza. Horixe da behintzat, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientziak fakultatean diotena. Izan ere, 2009. urtean martxan jarritako Komunikazio eta Hezkuntz Baloreetako Katedraren barnean egindako ikerketek hori ondorioztatzen dute. Aipatu katedrako koordinatzailea den Concepción Medranok azaldu duen bezala, “komunikabideek erabeen sozializazio prozesuaren parte dira. Lehenik eta behin, familia eta lagunak daude, baina jarraian, komunikabideak azaltzen dira, eskolaren aurretik”.
Medranok Euskal Herriko Unibertsitateko, Malagako Unibertsitateko, Zaragozako Unibertsitateko eta Mexikoko Guadalajara Unibertsitateko kideekin osatutako taldea zuzentzen du. Talde honek egindako ikerketak, batez ere, telebistak nerabeengan duen eraginan oinarritu dira. Horretarako, Donostiako, Malagako, Zaragozako, Dominikar Errepublikako, Mexikoko, Boliviako, Txileko eta Irlandako 1.220 nerabeen telebista ohiturak aztertu dituzte.

Zenbat ordu telebistaren aurrean?
Medranok adierazten duen bezala, ikerketak zenbait ondorio bitxi eman ditu. Lehenik eta behin, jatorriaren arabera, telebista ikusteko ohiturak aldatu egiten direla ikus daiteke. Pentsa daitekeenaren kontra, Donostian lortutako emaitzen arabera, hemengo nerabeek ez dute telebista gehiegi ikusten. Nerabe donostiarrek emandako datuen arabera, astean zehar, bataz beste, 2,45 ordu ikusten dute telebista (bi ordu eta erdi baino gutxiago). Astebukaeretan, berriz, kopuru hau 2,65eraino hazten da (2 ordu eta 39 minutu). Datu hauek positibotzat jo daitezke, adibidez, Dublinen jasotako datuekin alderatzen baditugu: 4,58 eta 4,65 ordu, hurrenez hurren.
Ikerketak frogatzen duenez, nerabeek bere telebistako pertsonaia gustokoenekin identifikatzeko joera dute. Ondorioz, pertsonaia hauek dituzten balore horiek ere jasoko dituzte. Medranoren esanetan, nerabeek gustokoen dituzten pertsonaiak aukeratzeko pauta batzuk jarraitzen dituzte. “Lehenik eta behin, pertsonaien umorearen baitan aukeratzen dute, ondoren, izaera, lana, jarrera edota inteligentziaren arabera, eta, azkenik, gezurra badirudi ere, ezaugarri fisikoengatik”.
Era berean, bizipen gutxien dituzten nerabeek telebistako edukiak errealistagotzat hartzen dituzte. Hau da, kalean, lagunekin, denbora gutxiago ematen duten nerabe batentzat, telebistan ikusten dituen beste nerabeen jarrerak normalenak irudituko zaizkio.

Edukien garrantzia
Nerabe eta telebistan azaltzen diren pertsonaien arteko identifikazioa nabaria denez, Medranoren ustez eskolan telebistan azaltzen diren eduki horiek guztiak landu beharko lirateke. Xedea, eduki horiek dekodifikatzea litzateke, hau da, gustoko dituzten edukiak landu telebista ikusten irakasteko/ikasteko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE