Euskal Autonomia Erkidegoko 118 eskolek eta 7.324 ikasleek parte hartu dute, ikasturte honetan zehar Hezkuntza Hirueledun Markoaren (HHM/MET) ekimenaren ebaluazio prozesuan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua Isabel Celaáren ustez “euskal hezkuntza sistemaren berrikuntza prozesua atzera bueltarik ez duen ekimena da”.
Ebaluazio hau, hiru hizkuntzatan ikasten ari den ikasleria bestelako ikasleen erritmo berean edukietan (matematikak, zientziak…) aurrera egiten duen ala ez ikusteko, euskaraz zein gazteleraz gutxieneko helburuetara iristen diren ikusteko eta ingeles maila egokia lortzen duten ikusteko burutzen da.
Orain arte, iazko ikasturtetik ekimen honetan parte hartzen ari diren ikastetxeek, jada, bi froga burutu dituzte, 2010eko urtarrila eta ekainan hain zuzen ere. Froga horiek, modelo berri honen funtzionamenduaren inguruko lehen pistak emango dituzte. Gogoratu behar da, Hezkuntza Sailak orain erabiltzen diren A, B eta D ereduak ordezkatu nahi dituela eta hauen ordez, hezkuntza hiruledunaren eredua ezarri. Maiatza eta ikasturte amaiera bitartean, ikasturte honetan modelo berriarekin lanean ari diren ikastetxeetan beste azterketa bat burutuko da, eta lortzen diren emaitzekin, Hezkuntza Sailak euskal ikasgela guztietan ezarri nahi den eredua diseinatuko du.
Lehen deialdian, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 40 eskoletako 63 talde aztertu ziren. Ikasturte honetan, berriz, eredu berrira elkartu diren 118 eskoletako 306 talde aztertuko dira. HHM/MET ebaluatzeko proiektua ISEI/ IVEI Ebaluaziorako Euskal Institutuak garatu du eta ikasleek bi hizkuntza ofizialetan eta bestelako ikasgaietan lortzen dituzten emaitzak neurtuko ditu.
Esperientzia honetan parte hartzen ari diren irakasleak Bilbon izan diren Hezkuntza Hirueledun Markoaren jardunaldietan parte hartzeko aukera izan dute. Bertan, ebaluazio prozesu honen ildo nagusiak errepasatu ziren. Isabel Celaák berak topaketa honen itxiera ekitaldian parte hartu zuen eta bertan azaldu zuenaren arabera, ez dira hiru urteko iraupena izango duen esperientzia piloto honetan parte hartzeko deialdi gehiago izango.
HHMren ebaluazioa egiteko, Hezkuntza Sailak hezkuntza hirueledunan parte hartzen ez duten eta antzeko mailatik abiatzen diren Lehen Hezkuntzako eta DBHko laugarren mailako ikasgela batzuk hautatu ditu. Helburua, euskaraz zein gazteleraz antzeko errendimendua ematen den ala ez ikustea da, eta era berean, hizkuntzari lotuta ez dauden gaitasunetan ere, zehazki matematikak eta zientziak, errendimendua antzekoa den.
Ebaluazio frogak ACER erakundeak (Australian Conseil for Educational Research) diseinatu ditu. Hau da PISAko frogak ere diseinatzen dituen erakunde bera. “Behin datuen analisia amaituta, ISEI-IVEIk, erreferentziazko aholkulariekin batera, eskola bakoitzarekin bilera bat burutuko du eta bertan, lortutako emaitzak eman eta hauen gaineko hausnarketa burutuko du” adierazi zuen Celaák aipatu jardunaldien itxiera ekitaldian. Horrela, nazioarte mailan puntako ebaluazioa egin nahi da hauen inguruko emaitzen inguruan inolako zalantza izpirik eman ez dadin.
Era berean, Hezkuntza Sailak ‘University of Cambridge ESOL Examinations’arekin hitzarmena sinatu berri du. Erakunde hau hirugarren hizkuntzan, kasu honetan ingelesa, ikasleek lortutako gaitasuna ebaluatuko duen erakundea izango da. Hitzarmen honek momentuz hiru urtetako iraupena izango du eta bertan lortzen diren emaitzek HHMren barruan eskola bakoitzak bere emaitzak hobetzeko balio izango dute.
Froga hauen bidez, hiru hizkuntzetan ikasten duten eta bestelako ereduetan ikasten duten ikasleen artean ingeles hizkuntzaren ezagupenean alde nabariak diren ala ez ikusi nahi da. Ikerketa honek Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta DBHko hirugarren mailako ikasleek Hizkuntzen Europar Erreferentzia Marko Amankomunarekin alderatuta zein maila duten ikustea ahalbidetuko du.
Erakunde hau, English Profile ekimenaren bidez, atzerriko hizkuntzan ikasleek dituzten eskuduntzak ebaluatzeko ingeles hizkuntzarako europar marko amankomunak finkatzen dituen mailen araberako deskripzioak garatzen ari da. Aurten HHM/METen parte hartzen ari diren 118 eskolek proiektua ebaluatzeko ‘behin betiko lagina’ osatzen dute.
Hezkuntza Hirueledunaren ezarpenerako irakasleria prestatzeko euskal irakasleen atzerritar hizkuntzarako trebakuntza eskaera hirutan biderkatu da. Horrek, noski, trebakuntza horretarako bideratutako aurrekontua ere maila berean biderkatu egin du. Gainera, HHM/METen parte hartzen duten irakasleek trebakuntza saio berezietara ere joan behar dute hezkuntza marko berrira ahalik eta errezen egokitzeko.
Alde batetik, Bilbon berriki burutu diren bezalako jardunaldiak daude. Hauetan, orain arte izan diren esperientzia desberdinak partekatu nahi izaten da, eta baita hiru hizkuntzatan oinarritutako hezkuntzaren gaineko orientabide orokorrak ere.
Bestalde, Garatu planak irakasleria publikoa trebatzeaz arduratzen da eta Hitzartutako Sare Pribatuan Hirueletasunaren Sustepenerako Jarduera Protokoloak helburu bera du hezkuntza pribatuko irakasleekin. Azken dokumentu hau Hezkuntza Sailak eta hezkuntza sektoreko bost patronalek sinatu dute.
Iaz, esperientzia honekin hasi ziren 40 zentroetara, aurten, beste 78 gehitu zaizkie, guztira 118 eskola eta 7.324 ikasle bertan aritzen direlarik. Celaáren esanetan, “azken ikasturtean ikusi ahal izan den bezala, eredu honekiko adostasuna oso zabalduta dago gizartean”. Sailburuaren iritziz, “hirueletasunak ez du atzera bueltarik euskal hezkuntza sistemaren berrikuntza prozesuan”. Celaák “indartsuena ez da iraunbizitzen duena, aldaketetara hoberen moldatzen dena baizik” gehitu zuen. Eta marko berri honetara moldatu ahal izateko, Celaárentzat funtsezkoa da pentsamolde kritiko, komunikazio zehatza eta elkarlana izatea.