Euskal gazteria eta gizarte sareen erabilera

0
154

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak, Kontsumo Gelak trebakuntza iraunkorreko programaren bitartez, nerabeek gizarte sare birtualak zein modutan erabiltzen duten aztertu berri du. Horretarako, 14 eta 18 urte bitarteko 362 gazteei emandako galdetegien erantzunak hartu dira kontutan eta horiekin txosten bat osatu da. Ikerketa honen xede nagusia, nerabeek gizarte sare birtualen erabilera ezagutzeaz gain, hauek datu pertsonalen babeserako legearen eta pribatutasun politiken inguruan zein nolako ezagupena duten jakitea izan da.
Inkestatutako gazteen ia %100ek gizarte sareren batean eman du izena. Hauetan izena emateko arrazoirik nagusiena bere lagunekin harremanetan jarraitzeko aitzakia da.

Jarraian, ikerketaren emaitzaren nagusienak azaltzen dira:
• Inkestatutako nerabeen %99,45ak gizarte sareren batean izena emana du. Gainera, %71,55ak sare batean baino gehiagotan du izena emanda. Zentzu honetan, ia ez da alderik sexu eta adin aldagaien arabera.
• Gizarte sareak erabiltzen dituzten nerabeen %21ak astero sei ordu baino gehiago ematen du sare hauek erabiltzen. Talde honetan, hots, sei ordu baino gehiago ematen dituzten nerabeen artean, mutilak dira nagusi. Bestalde, ia %40ak astero ordubete eta 3 ordu bitartean gizarte sareak erabiltzen dituela adierazi du.
• Gizarte sareei ematen zaien erabileran homogeneotasuna da nagusi. Horrela, hamar nerabeetatik bederatzik gizarte sareak lagunekin komunikatzeko erabiltzen dituela adierazten du. Emandako bestelako erantzunek oso ehuneneko baxuak lortzen dituzte: ligatzeko (%3,31), aisialdia (%4,14), ikasketak (%2,49) eta lana (%0,28) hurrenez hurren.
• Gizarte sareetan ezagututako pertsonaren batekin ea geratu diren galdetzean, inkestatutakoen %73,2k ezetz erantzun du. Horrek suposatzen du bestelako %26,8k bai geratu dela gizarte sareen bidez ezagututako norbaitekin. Kasu honetan ere, mutilak dira gizarte sareetan ezagututako jendearekin geratzeko joera handiagoa dutenak. Gainera, 17-18 urte bitartekoek ere 14-16 urte bitartekoek baino joera handiagoa dute.
• Gizarte sareetan ezagututako norbaitekin geratzeko nolabaiteko segurtasun neurriren bat hartzen duten ala ez galdetuta ia erdiak (%48) leku publiko batean geratzea erabaki zuela adierazten du. %27,9k lagun edo senitarteko bat informatzen duela adierazten du, baina beste %24,56k ez duela inolako neurririk hartzen onartzen du. Berriz ere, mutilak dira neurri gutxien hartzen dituztenak.
• Gizarte sareek duten arriskurik handienetako bat datu pertsonalen elkarbanatzea da. Zentzu honetan, datu pertsonalak elkarbanatzeak beste jendea ezagutzeko aukera ematen duen ala ez galdetuta, inkestatutakoen %65,75ak ez du uste datu pertsonalak elkarbanatzea jendea ezagutzeko modua denik. Kasu honetan, ez dago mutil eta nesken artean alde handirik. Bestelako informazioa elkarbanatzerakoan (argazkiak, mezuak…) inkestatutakoen %81,77k informazio hau norekin partekatzen duen badakiela adierazten du. Hala ere, %56,63k pribatutasun politikak ez dituela irakurtzen onartzen du eta, beraz, aurreko datua kontrajarriz, ez daki benetan norekin partekatzen duen informazio hori guztia. Kontutan izan behar da gizarte sareetan izena emateko aldez aurretik pribatutasun politika onartzen dela adierazi behar dela. Beraz, hainbat gaztek hau irakurri gabe gizarte sareetan izena ematea onartzen du. Inkestatutakoen %6,63k pribatutasun politika irakurri bai baina ez duela ulertu adierazten du.
• Inkestatutakoen 1/3 bat baino gehiagok (%36,2) gizarte sareetan bere pertsonaren inguruan azaldu den iruzkin edo irudi batekin haserretu edo deseroso sentitu dela onartzen du. Aurreko kasuetan ez bezala, kasu honetan neskak dira gehien haserretzen direnak (%40,8).
• Gizarte sareek beste pertsonen datu pertsonalak partekatzeko aukera ematen dute. Inkestatutakoen %18,5k beste pertsona horren baimenik gabe bere inguruko informazioa partekatu duela onartzen du.
• Azkenik, gizarte sareren bat uztean zer gertatzen den galdetzean, erdiak baino gehiagok (%51,1) profila ezabatu eta bertako informazio eskuragarri ez dela uste du. Laurden batek (%25,41), berriz, informazio horren zer gertazten den ez dakiela onartzen du. %13k profila ezabatu bai baina informazioa hor geratzen dela uste du. Azkenik, %2,76 profilak ezin direla ezabatu uste du.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.