Eskola 2.0 egungo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aposturik garrantzitsuenetarikoa da. Legealdi amaierarako Eusko Jaurlaritzak ia 50 milioi euro inbertituko ditu programa honen garapenean. Inbertsio honen eraginez, adibidez, datorren ikasturtean, 80.000 ordenagailu inguru izango dira euskal ikasgeletan. Momentu honetan, jada 60.000 ordenagailu inguru instalatu dira ikasgeletan, gutxi gora behera, 20.000 inguru ikasturte bakoitzeko.
Isabel Celaá Hezkuntza sailburuak programaren aurrerapenak azaldu ditu berriki Bilbon izandako ekitaldi batean hainbat irakasleren aurrean. Gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko larria dela eta, sailburuak hezkuntzaren aldeko apostua ezinbestekotzat jo zuen, eta ildo horretan, Eskola 2.0 bezalako programa batek trebakuntza ereduetan iraultza bat suposa dezakeela azpimarratu zuen.
Berdintasuna
Gizarte aurreratuenetan Informazio eta Komunikazio Teknologiek duten garrantzia ikusita, Eskola 2.0 programak ikasle guztiek teknologia berrietarako sarbidea modu unibertsalean izan dezaten bermatu nahi du. Momentu honetan, programa Lehen Hezkuntzako bostgarren eta seigarren mailan eta DBHko lehen mailan ezarrita dago. Datorren ikasturtera begira, berriz, programa DBHko bigarren mailara ere hedatuko da, aipatu 80.000 ordenagailuetara iritsi arte. Hau guztia gutxi balitz, ordenagailuetaz gain, arbel digitaletan eta sarean lan egiteko ekipamenduetan ere esfortzu handia egin da.
Honek guztiak noski, irakasteko ereduan aldaketak ekarri ditu, eta hauetara moldatzeko, irakasleria ere trebatu behar izan da. Une honetan, 3.300 irakasle inguru teknologia berrietan trebatzen ari dira.
Emaitza hobeak
Programan parte hartzen ari diren irakasleen artean egindako ikerketa baten arabera, ikasleen erdiak baino gehiagok bere errendimendua hobetu du teknologia berriei esker. Gainera, %70 inguruk ezagupenak modu eraginkorragoan jasotzen ditu. Ikerketa beraren arabera, ikasleen %82k informazioa iturri desberdinetatik jasotzen ikasi du.
Hezkuntza sailaren arabera, datu hauek guztiak oso positiboak dira, izan ere, programa honek bi urtez besterik ez da garatu baina, hala ere, lehen emaitz positiboak antzematen hasiak dira.
Aipatu ikerketaren arabera, hamar irakasleetatik jada bederatzik ordenagailuak erabiltzen dituzte modu erregularrean ikasgela barruan.Arbel digitalen kasuan, berriz, datuak ez dira hain positiboak. Jasotako datuen arabera, momentuz, irakasleen %52k erabiltzen du baliabide hau.