Eztabaida piztu da. Frantziako zenbait guraso elkartek egongreba eskatu dute bere seme-alabek etxekolanak egin ez ditzaten. Elkarte hauen iritziz, etxekolanak egiteak ikasleen arteko desorekak areagotzen ditu, azken finean ikasle guztiek ez baitute laguntza bera izateko aukerarik. Estatuan Frantzian hasitakoaren lekukoa hartu eta antzeko neurriak hartzea planteatzen da.
Eskolaz kanpo egin beharreko lanak (etxekolanak) gure hezkuntza sisteman oso hedatuta dagoen praktika da. Horrela, ikerketa baten arabera, estatuko ikasleak dira, Europar Batasunaren barruan, etxekolan gehien egiten dituzten ikasleak. Garbi dago etxekolanak egiteak hainbat abantaila dituela, baina, hala ere, praktika egokia da?
Hainbat gurasoentzat ez, esan bezala, besteak beste, ikasleen arteko desorekak handitzen laguntzen dutelako. Etxekolanen aurka azaltzeko arrazoietan sakonduz, hezkuntza sistemaren kritika azaltzen da. Hainbat adituk diotenez, ikasleek eskolan ematen duten denbora nahikoa izan beharko luke ikasi beharreko edukiak barneratzeko. Etxekolanekin eskoletan egiten ez den lana egitea bilatzen dela salatzen dute zenbait elkartek. Hauen ustetan, jada zaharkituta diren metodologiak erabiltzen jarraitzen da eta horrek eragin zuzena du hezkuntza sistemaren inguruan den iritzian (berriki egin den ikerketan baten arabera estatuko hezkuntza sistema gaizki baloratzen dutenak erdia baino gehiago dira). Galdera garbi dago: zer gertatzen da eskolan ondoren etxean emandako guztia errepasatu behar bada?
Gainera, etxekolanen kontra azaltzen diren erakunde hauen ustetan, etxekolan karga handiek ez dute seme-alabak bestelako balore positiboetan hezitzeko denborarik uzten: familia elkarbizitza, irakurmena, kirola, jokoak, aisialdia…
Zergatik egin behar dira etxekolanak?
Hainbat irakasleren ustetan, etxekolanak beharrezkoak dira klasean landutako edukiak finkatzeko baina baita ikasleen ardura eta autonomiaren garapena sustatzeko ere. Ikasketa ohitura ez da, aditu hauen ustetan, klasean soilik landu beharreko gauza. Horrela, ikasleek bere denbora librea antolatzen ikasi behar dute, azken finean, trebakuntza eskolatik kanpo ere gauzatzen den prozesu globala baita.
Erdi bidean, etxekolanak bai baina beste modu batean landu behar direla diotenak leudeke. Etxekolanak izatekotan, hauek klasean jazotakoaren isla izan beharko lukete. Klasean edukiak modu egokian landu ez badira, etxekolanek ez dute inolako eragin positiborik izango eta ikasleek gainkargatzat hartuko dituzte. Klasean edukak modu egokian landu badira, berriz, etxekolanek ez lukete inolako arazorik suposatuko.
Ildo berean, ohiko etxekolan eredua baztertzearen alde daudenak daude, hots, ariketa mekaniko eta ohikoak baztertu eta bestelako ariketa praktiko eta atseginagoak egitearen alde daudenak. Horretarako, ezinbestekoa litzateke, adibidez, IKT eta Interneten erabilera zabalago bat.
Metodologia aldatzen ez den bitartean, etxekolak ikuspegi positibo batetik hartu beharko lirateke, batez ere gurasoen aldetik: seme-alabak laguntzeko aukera… Zoritxarrez, arrazoi desberdinengatik, guztiz kontrako fenomenoa ematen da, eta ondorioz, etxekolanak tentsio iturri bilakatzen dira sarriegi. Mende honen hasieran egindako ikerketa baten arabera, ikasleen %70ak ez zuen inolako laguntzarik jasotzen gurasoen aldetik etxekolanak egiteko. Gainera, laguntza ematen den kasuetan, gehienetan, ardura hau soilik amarena izaten da.