500 plazatik gora udako auzolandegietan

Auzolandegietan hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko

Boluntariotza-esperientzia baten bidez, jatorri desberdineko gazteei aldi batez elkarrekin bizi, elkar ezagutu eta aurreiritziak gainditzeko aukera eskaintzea, herri edo komunitate batentzat onuragarriak diren lanak eginez. Horixe da urtero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadin zein estatuan edo atzerrian eskaintzen dituen auzolandegien helburua.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak 26 urte daramatza auzolandegiak antolatzen, hain zuzen, Euskadiko udalen eta irabazi asmorik gabeko hainbat entitateren laguntza duen programa. Horietaz gainera, programak autonomia erkidego guztiekin, Espainiako Gazteria Institutuarekin eta atzerriko beste entitate batzuekin dihardu elkarlanean programa garatzeko. Horri esker, plazak trukatzearen bidez, euskal gazteek aukera izaten dute beste erkidego batzuetan eta atzerrian lan egiteko. Auzolandegien aurtengo edizioak 537 plaza inguru eskainiko ditu: 326 plaza Euskadiko auzolandegietan, 100 gainerako autonomia erkidegoetan, eta 111 atzerrian. Euskal Autonomia Erkidegoan diren plazak nazioarteko izaera duten hiru auzolandegietan (Ozaeta eta gesaltza Araban eta Busturialdea Bizkaian) eta estatura mugatzen diren beste lau (Balmaseda eta Lekeitio Bizkaian, Bergara Gipuzkoan eta Eltziego Araban). Iazko datuekin alderatuta, krisia dela medio, bi auzolandegi gutxiago daude, bederatzi auzolandegitiz aurtengo zazpi auzolandegietara pasa delarik. Hauen guztien kostua 300 mila eurotakoa izango da.

Auzolandegietan parte hartzeko nahikoa duzu EAEko edozein herritan erroldatuta egotea. Auzolandegietan 20-25 bat orduko lana egiten da astean; goizez, gehienetan. Arratsaldean eta jai-egunetan, aisialdiko jarduerak, ingurunea ezagutzeko irtenaldi eta txangoak, ekintza kulturalak eta abarrekoak egiten dira. Auzolandegi bakoitzean 15-20 bat boluntario aritzen dira, eta horiez gain lan teknikoaren arduraduna eta auzolandegiko zuzendaria eta begiraleak ere izaten dira. Ostatu eta elikadura gastuak antolakuntzaren esku daude. Gazteak, berriz, 72 edo 90 euroko kuota eta bidaia gastuak ordaindu behar ditu Autonomia Erkidegoaren arabera.

Auzolandegi motak
Boluntarioen jatorriaren arabera, bi auzolandegi mota bereiz daitezke: estatu mailakoak eta nazioartekoak. Nazioarteko gehienetan parte hartzeko ingelesez ondo jakin behar da. Halere, batzuetan nazioarteko auzolandegiak beste hizkuntza batean izaten dira: frantsesez, alemanez… Egin beharreko lanen baitan ere auzolandegi desberdinak bereiz daitezke. Alde batetik, ondasun kultural eta arkitektonikoa berreskuratzea xede duten auzolandegiak daude. Bestalde, ingurumen auzolandegiak daude, non naturaren eta oro har ingurumenaren babesa sustatzen den. Ekintza sozialeko auzolandegiak ere badaude; baita beste era askotakoak ere: artistikoak, komunikazio arlokoak, antzerki eta zinearekin lotutakoak…

Auzolandegien inguruko informazio guztia www.gazteaukera.euskadi.net webgunean eta 012 telefonora deituta eskura dezakezu; baita Kultura Sailaren bulegoetan ere: Vitoria-Gasteiz: Donostia-San Sebastián kalea, 1; Bilbao: Gran Vía, 85 edo Donostia-San Sebastián: Andia kalea, 13.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE