Munduan 127 milioi gazte eta nerabe analfabeto daude

Azken 20 urteetan hainbat gaztek eta nerabek munduko hezkuntza eta osasun sistema desberdinetan izan diren aurrerapeneei etekin atera badiete ere, beste asko abandonaturik geratu dira. Horrela, UNICEFek argitaratutako txosten baten arabera (‘Haurtzaroarentzako aurrerapena: neraben inguruko txostena’), urtero milioika gazte hil egiten dira eta beste hainbat milioi edozein hezkuntza aukerarik gabe geratzen da. Aipatu txostenaren baitan, munduan, oraindik ere, 127 milioi gazte eta nerabe analfabeto daude.
Afrikan, adibidez, Saharako hegoaldeko lurraldeetan, nerabeek oso bizitza baldintza txarrak dituzte. Lurralde honetan gero eta handiagoa da haur eta nerabeen populazioa baina soilik gazteen erdiak lehen hezkuntza amaitzea lortzen du eta langabezia tasa, gazteen artean, oso altua da.

Oso baldintza desberdinak
UNICEFeko txostenak salatzen duen moduan, munduan diren 1.200 milioi nerabeen (10 eta 19 urte bitarteko gazteak) artean ematen den aberastasunaren banaketa desorekatua dela eta, hauetako askori ezin zaie bere hezkuntza eskubideak bermatu. Horrela, UNICEFek nerabeen bizimodu maila handitzeko beharrezkoak diren inbertsioak egitea eskatzen du, ez soilik hezkuntzarako, baita hauen biziraupenerako ere.

Bestalde, txostenean azaltzen den bezala, nerabetasunera iristen diren haurrak gero eta testuinguru biolentoagoetan bizi dira. Biolentzia hau, bere etxeetan bertan hasten da. Adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoan egindako inkesta baten arabera, jada ezkonduta ziren 15 eta 19 urte bitarteko nesken %70ak tratu txarrak pairatu izan ditu.

Nesken kasuan, gainera, hauek sarritan haurtzaroa alde batera utzi eta helduei dagozkien lanak bete behar izaten dituzte. Honek, trebakuntzarako eta hazkunde pertsonalerako aukerak murriztu egiten ditu. Beti ere UNICEFek egindako txostenak jasotzen dituen datuen arabera, Txinan ezik, garapen bidean diren beste herrialde guztietan bizi diren 20 eta 24 urte bitarteko emakumezkoen heren bat ezkonduta zegoen 18 urterekin, eta hauetatik, beste heren bat, jada ezkonduta zegoen 15 urterekin.

Nerabeen artean ematen den jaiotze-tasa oso altua da Latinamerika, Karibe eta Sahara Hegoaldeko Afrikan. Niger-en, adibidez, 20 eta 24 urte bitarteko emakumeen %50a 18 urte bete baino lehen ama zen.

Hezkuntza
Mundu mailan aurrerapen handiak eman dira hezkuntzari dagokionez. Gaur egun, lehen hezkuntzan izateko adina duten haurren %90a lehen hezkuntzako eskoletan matrikulatuta dago. Gainera, bigarren hezkuntzako sistemetan ere aurrerapen handiak eman dira hainbat herrialdeetan, baina bigarren hezkuntzan diren matrikulazio tasak, oraindik ere, oso baxuak dira Afrikan zein Asian. Horrela, bigarren hezkuntzan izan beharko luketen hainbat ikaslek lehen hezkuntzan jarraitzen dute.

Bigarren hezkuntzan izateko adina duten 71 milioi gazte eskolatik kanpo daude eta 15 eta 24 urte bitarteko 127 milioi gazte eta nerabe analfabeto dira, gehienak hegoaldeko Asian eta Sahara Hegoaldeko Afrikan aurkitzen direlarik.

UNICEFek nerabeen eskubideak bermatzeko programa eta politika eraginkorren beharra azpimarratu du. Izan ere, adin tarte honetan egiten diren inbertsioek pobreziaren zikloa apurtzen lagun dezake eta hainbat etekin eman diezaieke norbanakoei zein bere komunitate eta herrialdeei.