2.000 ikasle baino gehiago bizikidetzarako proiektuan


Jada 20tik gora dira giza eskubideen urratzearen aurka ekitea eta bizikidetza indartzea helburu duen Carltoneko Konpromisoa sinatu duten eragileak

Euskal Autonomia Erkidegoko 2.000 ikasletik gora dira jada hezkuntzan bizikidetza bultzatzeko proiektuarekin lehen harremana izan dutenak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Isabel Celaák adierazitakoaren arabera, pasa den abenduaren 30an, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak; hiru euskal unibertsitateetako ordezkariek; Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, IZEA, Eusko Ikastola Batza eta Ikasgiltzak; EHIGE, UFEPA eta Bidelagun Federazioak, CCOO eta UGT sindikatuek eta Bakeaz, Bakeola, Baketik Fundazioa, Fernando Buesa Fundazioa, Bakearen Aldeko Koordinakundeak giza eskubideak urratzearen aurkako eta bizikidetza indartzearen aldeko konpromisoa hartu zutenetik, lan handia egin da esparru honetan.

Horrela, jada hogei eragiletik gora dira Carltoneko Konpromisoa sinatu duten eragileak eta maiatzaren hasieran egindako bileran beste lau erakunde gehiago gehitu ziren: Unesco Etxea, Gernika Gogoratuz, Bihe eta Sarean. Aurrera begira, elkarte gehiago biltzea espero du hezkuntza sailburuak. “Iraganean gertatu diren zoritxarrak berriro gerta ez daitezen, beharrezkoa da gogoratzea eta hausnarketa sakon bat egitea. Zalan–tzarik gabe, Carltoneko Konpromisoak etorkizun oparoa dauka”.

Aipatu konpromisoaren xedea, hezkuntzan elkartasun ekintzak bultzatzea eta giza eskubideak errespetatzea da. Hau lortzeko, ikastetxeetan honekin lotuta dauden balioak sustatu nahi dira. Konpromisoak gutxien-gutxieneko bost puntu ditu, giza eskubideak errespetatu eta bizikidetza bultzatu beharra nabarmentzeko. Giza eskubideetan eta duintasunean oinarritutako hezkuntzaren aldeko hautua egiten da konpromiso honen bidez, eta baita eskubideen urraketaren bat jasan dutenei babesa ere.

Sailburuak azpimarratu duenez, “inolako helburu edo egoerak zalantzan jar dezake giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren defentsa sutsua; ezerk justifika dezake urraketa, ez iraganean, ez orain eta ezta etorkizunean ere”. Celaáren ustez, etorkizuna iraganean jazotakoaren benetazko ezagutzan oinarrituta eraiki behar da. Hori dela eta, “Carltoneko Konpromisoan oinarrituta, euskal haur eta gazteak hezitzea euskal gizartea askatasun, demokrazia, justizia eta egian bizitzeko bermarik onena suposatuko du” Celaáren hitzetan.