Beste hizkuntza baten ezagupenak lan eskaintza gehiagotara aurkezteko aukera ematen du
Hizkuntzak ezagutzea lana aurkitzeko funtsezko elementuetako bat bilakatu da. Gero eta enpresa gehiago dira atzerriko merkatuetan lan egiten dutenak eta, horren aurrean, bitartekotzarako hizkuntza amankomun baten beharra izaten da.
Egoera ekonomiko larri honen aurrean, enpresa gehienek bere zerbitzuen internazionalizazioaren aldeko apostua egin dute. Hori dela eta, gero eta profesional eleanitz gehiago behar dira. Bigarren edota hirugarren hizkuntza baten ezagupena funtsezko elementua bilakatu da lana bilatzen ari diren horientzat, azken finean, gaur egun diren lan eskaintzen laurden batean hizkuntzen ezagupena ezinbestekoa baita.
Oraindik ere ingelesa da gehien eskatzen den hizkuntza; lan eskaintzen %72an ingelesa eskatzen da. Hala ere, bestelako hizkuntzen beharra ere indartu da. Horrela, frantsesa postuen %8,5ean eskatzen da Adeccok eta Infoempleok egindako ikerketa baten arabera. Txinera, arabiera, japoniera edota Europako ekialdeko hizkuntza desberdinen (errusiera, errumaniera, txekiera, poloniera…) eskaintzak ere gora jo du.
Estatu mailan, hizkuntza autonomikoen eskaintza ere handiagoa da aurreko urteekin alderatuta. Katalunia da bertako hizkuntza gehien baloratzen duena (%38,38) eta Euskadin berriz, ehuneko hori %18,57koa da.
Balorazioa
Esan bezala, ingelesa da enpresek gehien eskatzen dute hizkuntza. Indarra galdu duen arren, negozio munduan nagusi den hizkuntza lan kualifikatuetarako eskaintzen %72an eskatzen jarraitzen da. Indarra hartzen ari den beste hizkuntza bat frantsesa dugu. Horrela, lan kualifikatuetarako eskaintzen %8,56an hizkuntza hau eskatzen da. Kontrako fenomenoa alemanierarekin gertatzen da, izan ere, hizkuntza honen garrantzia ia 1,5 puntutan erori da (%4,52etik %3,17raino).
Indarra hartzen ari diren beste hizkuntzak italiera (%0,7) eta portugalera (%0,75) dira.
Sektoreak
Zenbat eta sektore internazionalizatuagoa orduan eta hizkuntzen behar handiagoa. Honen adibiderik garbiena industria sektorea da non lan eskaintzen %52,55an hizkuntzak eskatzen diren. Hizkuntzak funtsezkoak diren beste sektoreetako batzuk baliabide energetikoak (%51,23) edota makineria (%46,34) ditugu. Bestalde, hizkuntzen behar hau dela eta, hezkuntza sektorean ere hizkuntzen eskaintza %39,45eraino igo da.
Telekomunikazioen sektorean ere hizkuntzek gero eta garrantzia handiagoa dute eta urtebete bakarrean bere pisua ia 8 puntutan hazi da, %29,21tik gaur egungo %37,70raino.
Automobilgintzan eta informatika sektorean, berriz, hizkuntzen pisua gero eta urriagoa da. Horrela, automobilgintzan hizkuntzak eskatzen zituzten eskaintzen %49tik %36,2ra pasa gara eta informatikan, %45,66tik %17,8ra.