Unibertsitate ikasketak burutu nahi dituen ikasle ororentzat Unibertsitatean Sartzeko Proba (Selektibitate izenarekin ezagutzen zen azterketa edota Prueba de Acceso a la Universidad gaztelaniaz) da kezka gehien sortzen duen uneetako bat.
Unibertsitatean Sartzeko Probaren (USP) xede nagusia, unibertsitate trebakuntzari aurre egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eta gaitasunak bereganatu direla baieztatzea da, ikasle bakoitzak non eta nola ikasi duen alde batera utzita. Azterketa hau egin gabe ezin dira unibertsitate ikasketak burutu eta, hori dela eta, ikasleak gehien kezkatzen dituen proba da.
Garbi dago proba honek bere biziko garrantzia duela, baina hala ere, ikasleek ateratzen dituzten notak ikusita, ez dirudi kezkarako arrazoi handirik dagoenik. Izan ere, USPra aurkezten diren ikasleen % 90ak azterketa hau gainditzen du lehen deialdian.
Azterketa
USP ez da azterketa bat, azterketa desberdinetan oinarritzen den proba baizik. Azterketa hauek guztiak, Batxilergoan ikasitako ikasgaien ingurukoak dira. Proba bera bi zatitan banatzen da. Lehenengo zatia, derrigorrezko zati orokorra da eta, ondoren, bada, nota igotzeko balio duen bigarren fase espezifiko bat. Azken hau ez da derrigorrez egin behar.
Fase bakoitzean egiten den ariketa bakoitzean ikasleak bi aukera izango ditu. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, ikasleek azterketa euskaraz egiteko aukera ere badute.
Azterketa bakoitzak iraupen zehatza du, ordu eta erdikoa. Azterketa desberdinen artean, gutxienez 45 minutuko tartea izaten da ikasleek atsedena izan dezaten.
Fase orokorrean, honako azterketak burutu behar dira: gaztelania eta literatura, euskara eta literatura, filosofia edo historia, atzerriko hizkuntza eta ikasleak hautatutako Batxilergoko 2. mailako ikasgai bat. Atzerriko hizkuntzaren azterketaren kasuan, aurten, berrikuntza garrantzitsua izango da, izan ere, idatziz-ko probaz gain, ulermen eta mintzamen probak ere izango dira.
Fase orokor honetan, bost edo hau baino nota altuagoa lortu behar da. Nota hori, Batxilergoan lortutako bataz besteko nota hartzen da kontutan % 60an eta USPen lortutako nota beste % 40an. Hala ere, bataz besteko hori egin ahal izateko, ikasleak, gutxienez, 4 bat atera behar izango du USPan.
Fase espezifikoa
Fase espezifikoa modalitateko ikasgaietako azterketetan oinarritzen da. Beraz, ikasleak erabakiko du zenbat ariketa burutzen dituen, betiere gehienezko kopurua lau delarik. Fase honetarako kontutan izan behar da gehienez ikasi nahi den unibertsitate ikasketen ezagu-tza adarrarekin zerikusia duten bi ikasgai hartuko direla kontutan, eta % 10ean haztatua. Hori dela eta, fase honetarako, benetan ondo menperatzen diren ikasgaietara soilik aurkeztea gomendatzen da.
Fase honetan onarpen nota lau puntutan hobe daiteke, unibertsitate bakoitzak lehentasunezkoak jotzen dituen ikasgaien haztapena %20raino handi dezakeelako. Horrela, egin nahi den unibertsitate ikasketarekin harreman zuzena duen ikasgai batean azterketa perfektua egiten bada nota puntu batean igoko da haztapena %10ekoa bada, eta bi puntutan haztapena %20koa bada.
Zuzenketa
USPko azterketak unibertsitate publikoko irakasleek zuzentzen dituzte. Gutxienez bi irakasle izan behar dira azterketa bakoitzeko eta hauetako bakoitzak ezin du 150 azterketa baino gehiago zuzendu.
Zuzentzaileek ez dakite zuzentzen ari diren azterketa norena den eta bizpahiru egunetan azterketa guztiak zuzenduta izan behar dituzte.
Behin notak argitaratuta, hala nahi duten ikasleek hiru egun baliodunetako epea dute erreklamazioa jartzeko edo bigarren zuzenketa bat eskatzeko. Erreklamazioa egiten den kasuetan, ez da zuzenketa berririk egiten. Kasu horietan, azterketa guztiak zuzendu diren edota ariketa guztietan lortutako notak modu zuzenean batu diren ikuskatzen da.
Bigarren zuzenketa bat eskazten bada, irakasle desberdin batek egin beharko du zuzenketa hori. Bi zuzenketen artean bi puntu baino gehiagoko aldea bada, hirugarren irakasle batek zuzendu beharko du azterketa eta azken nota zuzenketa guztien bataz bestekoa izango da. Ikasleek zuzendutako azterketa ikusteko eskubidea dute 10 egunetako epearen barruan.
Zein nota atera behar dut?
Zenbait karreretan nahikoa izaten da Unibertsitatera Sartzeko Proba gainditua izatea baina, beste batzuetan, berriz, gutxieneko nota bat atera behar da. Hau, eskaintza eskaera baino murritzagoa den ikasketetan jazotzen ohi da. Normalean, gutxieneko nota hori aurreko ikasturtean ikasketa edo karrera horretan sartu zen azken ikaslearen nota izaten da. Nota hauek urtez urte aldatzen dira eskaera, unibertsitate edo erkidegoaren baitan.
LHko ikasleak eta USP eginda dutenek
Goi Gradu bat gainditu duten LHko ikasleak zuzenean pasa daitezke unibertsitatera. Sarrera nota graduan lortutako bataz besteko nota izango da eta hau hobetzeko USPko proba espezifikora aurkezteko aukera dago, betiere burutu nahi diren ikasketekin zerikusia duten ikasgaietan.
2010 baino lehen selektibitatea egin zuten ikasleek berriz ere USPa egin dezakete. Ikasle hauek hiru aukera dituzte: fase espezifikora soilik aurkeztea, fase orokorrera aurkeztea edota bietara aurkeztea.