Eskolatze tasa altuenak eta eskola uzte tasa baxuenak Euskadin

p1236UNESCOk argitaratu duen txosten baten arabera Espainia eskola porrot eta gazteria langabezia tasaren buruan da. Euskal Autonomia Erkidegoko datuek ez dute zerikusirik Espainian ematen direnekin eta Europaren mailan daude

UNESCOk aurten egindako ikerketa baten arabera Espainia da, Europa mailan, eskola uzte tasarik handiena duen estatua. Aipatu ikerketaren arabera, 15 eta 24 urte bitarteko hiru gazteetatik, batak eskola utzi du DBH amaitu baino lehen. Datu hauek Europan den bataz bestetik hurrun daude; Europan bost ikasleetatik bakarrak uzten du eskola derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitu baino lehen.

Datu hauek irakurketa guztiz negatiboa dute. Lehenik eta behin, Espainia 2015erako, derrigorrez, lortu behar diren Dakar 2010 helburuetatik oso urrun da. Bestalde, eskola uzte datu hauek harreman zuzena dute Espainiak duen gazteria langabezia tasa altuarekin (%50 inguru urte osoan zehar).

UNESCOk argitaratu duen txosten honetan azpimarratzen den bezala, 2007 eta 2009 bitartean eskola utzi zuten gazteen langabezia tasa modu nabarmenean hazi da Europa osoan Alemanian izan ezik.

Ikerketa honetan ‘NiNi’ ezizenarekin ezagutzen den belaunaldia ere aipatzen da, hots, ez ikasten eta ez lanean ari diren gazteak. Gezurra badirudi ere, eskola utzi duten espaniar gazteriaren laurden batek, gutxienez, ez du lana bilatzeko esfortzurik egiten.

Bestelako egoera Euskadin
Zorionez, Euskadin eskolatze eta eskola uzte datuek bestelako ikuspegia ematen dute. Eskola uzte tasa Euskadin %12koa da, Europako bataz bestearen azpitik (%13,5). Azken bost urteetako eskola uzte kopururik baxuena izan zen iaz Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %12 izan da eskola uztea, eta Nafarroan, %13. 2010eko datuak kontuan hartuta, 0,6 puntu jaitsi da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 3,8 puntu Nafarroan.

2010ean ere izan zen beherakada bat eskola uzte kopuruan. Krisi ekonomikoak eragin omen du, batez ere, joera hori. Lan egiteko aukerarik ez dutenez, gero eta gehiago dira ikasten jarraitzea erabakitzen duten gazteak. Aurten, adibidez, inoiz baino ikasle gehiagok eman duten izena Lanbide Heziketan.

Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza sistemaren funtzionamendu egokiaren seinale garbiena 2020rako finkatutako Europa 2020ko hainbat adierazle jada beteta daudela ikustea da. Europa 2020 Estrategia Europar Batzordeak Europa krisitik atera eta datorren hamarkadarako ekonomia lehiakorra prestatzeko finkatutako helburuen bilduma dugu. Helburu hauek guztiak 3 ardatzetan laburtzen dira: hazkunde adimentsua, hazkunde jasangarria eta hazkunde integratzailea. Ardatz hauek, berriz, 5 xede nagusitan artikulatu ziren: enplegua (lan egiteko adinean den biztanleriaren %75a lanean izatea), Ikerketa eta Garapena (BPGaren %3a horretara bideratzea), Aldaketa klimatikoa (gasen emisioa eta energia kontsumoa %20an murriztu), eskola uztea (%10etik behera kokatu) eta pobrezia (pobrezia arriskuan diren pertsona kopurua 20 milioitik beherakoa izatea).

Hezkuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak jada Europar Batasuneko datuak hobetu egiten ditu 18-24 urte bitarteko ikasleen garai aurreko eskola uzte tasan eta baita 30-34 urte bitarteko goi mailako hezkuntza tasan.

Eskola uzte tasan ezezik, Euskal Autonomia Erkidegoa modu positiboan nabarmentzen da eskolatzen tasetan. 2010an 2005/06 ikasturteari buruz emandako datuen arabera, 16 urteko nerabeen %97a eskolan matrikulatuta zegoen eta 18 urtetik gorako gazteen %79,9ak hezkuntza sisteman jarraitzen zuen.

20 urtetik gorako euskal gazteen eskolatze tasa ere estatukoa baino askoz altuagoa da, %68,1 eta %48,1 hurrenez hurren.

Garapen bidean diren herrialdeak
Unescok egindako txosten honen arabera, gainera, garapen bidean diren herrialdeetatik etorritako 15 eta 24 urte bitarteko 200 milioi gazte inguruk ez ditu ezta oinarrizko ikasketak ere amaitzen. Hau ekiditzeko, UNESCOk hezkuntzarako aurrekontu gehiago eskatzen ditu. Izan ere, trebakuntzarik gabeko gazte hauek duintasunik gabeko lanpostuetan amaitzen dute pobreziaren ataritik gertu dauden soldaten truke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE