Gazteak genero indarkeriaren kontra

Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterketa baten arabera euskal gazteriarengan edozein tratu txar larritzat jotzeko eta arbuiatzeko jarreraren bilakaera positiboa izan da

Azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da gure artean. Sarritan, emakumeek pairatzen duten indarkeria gure artean ematen ez den arazoa pentsatzen ohi dugu, baina Eusko Jaurlaritzaren Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, 2011n, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko mila emakumetatik 7k genero indarkeria jasan zutela salatu zuten.

Arazo larri honen inguruan gehiago sakondu nahian, Gazteen Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek, gizonek eta emakumeek, bikotearen barruko tratu txarrak aipatzen direnean zer ulertzen duten eta tratu txarrei lotutako hainbat jarduerari nolako larritasun-maila egozten dieten aztertu du. Horretarako, proposatutako hainbat egoerari gazteek egotzitako larritasun-maila zein den eta azken urteotan larritasun-maila hori areagotu egin den galdetu da eta erantzun horiek, duela hamabost urte landutako galdera berberei emandako erantzunekin alderatu dira.

Bikotekidea bere borondarearen kontra sexu harremanak izatera behartzea, etxetik irtetea debekatzea edota mehatxatzea oso tratu txar larritzat jo dute EAEko gazteen % 80k baino gehiagok. Ia hiru gaztetatik bik mespretxuak egitea ere oso larria dela uste dute. Gazteen erdiek oso larria deritzote gauzak erabakitzen ez uzteari. Era berean, ia erdiak dira bikotekidea iraintzea oso tratu txar larritzat jo dutenak.

Tratu txar modu horietako bakoitza larritzat jotzea nabarmen areagotu da, duela hamabost urteko datuekin alderatuta. Horrek esan nahi du EAEko gazteengan edozein tratu txar larritzat jotzeko eta arbuiatzeko jarreraren bilakaera positiboa izan dela.

Proposatutako egoera bakoitza oso larritzat jotzen dutenen ehunekoa oso igo da, eta, aldiz, egoera horiek tratu txartzat jotzen ez dutenen ehunekoak izugarri jaitsi egin dira. 1997an, % 9k ez zuten tratu txar gisa ikusten bikotekideari mespretxuak egitea edo erabakiak hartzen ez uztea. %8k ez zuen tratu txartzat jotzen bikotekideari etxetik irtetea debekatzea edo iraintzea.

Gizon eta emakume gazteen artean dauden aldeak aztertuta, zera ikus dezakegu: emakume gehienek uste dutela proposatutako tratu txar mota guztiak oso larriak direla, % 94tik % 52ra bitarteko ehunekoekin. Hain zuzen ere, % 94ren ustez, oso larria da borondatearen aurka sexu-harremanak izatera behartzea eta, % 52ren ustez, iraintzea oso tratu txar larria da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE