Krisiaren ondorioz, Euskadiko Lanbide Heziketak areagotu egin du enplegua eskuratzeko zubi lana
Krisiak gure ekonomiaren sektore guztietan gogor eragin du baina hala ere, Lanbide Heziketako prestakuntza izan duten gazteen %70ak lan merkatuan txertatzea lortzen du HETELek emandako datuen arabera. Datu honek euskal Lanbide Heziketaren osasun onaren adierazgarri ezin hobea da eta hori dela eta parekorik gabeko eredutzat hartzen da Europan. Euskal Lanbide Heziketaren izen ona atzerrian hiru ardatzetan oinarritzen da: ikastetxe kopurua, prestakuntza eskaintza eta enpresekiko harremana.
Euskadiko Lanbide Heziketako 20 ikastetxe eta 20.000 ikasletik gora biltzen dituen HETEL Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteko presidente Julen Elgetak Euskadiko Lanbide Heziketaren defentsa egin du enplegua berreskuratzeko gakoa izan daitekeelakoan. Hartara, enpresen eta ikastetxeen arteko hurbilketaren garrantzia azpimarratu, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren oraina eta etorkizuna izan ditu aztergai.
Azken bost urteetan, krisiaren eta lan ezaren ondorioz, gazte asko itzuli dira ikasgeletara. Izan ere, aurtengo ikasturtean 32.000 matrikula izan dira Lanbide Heziketan, hau da, aurreko ikasturtean baino 1.300 ikasle gehiago eta duela bost urte baino 7.000 gehiago. Gauzak horrela, DBH edo Batxilergoa amaitu ondoren, Lanbide Heziketaren alde egiten duten gazteen tasari dagokionez, Euskadi Europako batez bestekora hurbiltzen ari da. Euskadiko Lanbide Heziketa hazkunde garaian dagoela jakinik, HETELen ustez, oraintxe da Lanbide Heziketak apustu estrategiko izaten jarraitzeko neurriak hartzeko une aproposa; are gehiago kontuan hartuta, krisia krisi, Lanbide Heziketako ikastetxeetatik datozen profesionalen premia nabaria dagoela, batez ere industria alorrean belaunaldi aldaketa dela eta.
Ikasturte honetan, gainera, jauzi kualitatiboa egin da, lehen aldiz jarri delako abian txandakako prestakuntza, 145 enpresaren laguntzaz. Elgetaren ustez, txandakako prestakuntzaren eredua ezin aproposagoa da ikasleentzat, enpresan ikasten duten aldian diru-saria kobratzen dutelako, eta ezin aproposagoa da enpresentzat ere, bere premia eta ezaugarriei egokituko zaizkien langileak prestatzen dituztelako. Elgetak dei egin dio “Euskadiko ekonomia ehunari, beraren premia espezifikoei egokituko zaizkien langileak prestatzeko aukera hori erabil dezan”. Izan ere, Elgetak azpimarratu duenez, eredu hori egoki ibiltzeko ezinbestekoa da instituzioen, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza.
Ezezagun handia
Lanbide Heziketak izen ona eskuratu du azken urteetan, eta urtez urte hobetu du bere izaera. Gaur egun, enpresaren errealitatearekin bat datorren prestakuntza integrala lantzen du, eta % 70ko laneratze mailari eusten dio, krisia krisi. Ikasleek titulua eskuratu aurretik praktikak egiten dituzte enpresetan, teknikari titulua eskuratu ondoren ere prestatzen jarraitzen dute, eta askotan Europako beste herrialde batzuetako enpresetan egiten dituzten praktikak. Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeek punta-puntako ekipamenduak dituzte, eta irizpide berritzaileekin jarduten dute.
Alabaina, errealitate hori ez dator bat jende askok duen Lanbide Heziketaren kontrako iritziarekin.