HETELeko LHko 146 ikasle Europako 12 herrialdetan izan dira enpresetan praktikak egiten

p1307Ikasleek Europako zenbait herrialdetako enpresetan egingo dituzte praktikak. Besteak beste, herrialde hauetan izango dira: Erresuma Batua, Irlanda, Herbehereak, Finlandia, Portugal, Italia, Alemania, Lituania, Polonia, Bulgaria, Eskozia eta Estonia.

Gero eta ohikoagoa da ikasleak atzerrira joatea, eta hainbat arrazoirengatik egiten dute: xede-herrialdeko hizkuntza hobetzeko, curriculuma zabaltzeko eta, azken aldi honetan, praktikak egiten diren enpresan enplegu-aukera bat bilatzeko. Gainera, gero eta Euskadiko enpresa gehiago ari dira nazioartekotzen, eta beraz, gure enpresetako teknikariek eta profesionalek bidaiatzeko prest egon behar dute. Horren jakinaren gainean, HETELek (Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Zentroen Elkartea, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 21 zentrok osatua) urtero bultzatzen ditu bere ikasleak Europako enpresetan hiru hilabeteko praktikaldia egitera, Leonardo eta Erasmus programei esker. Ikasle-kopurua halako bi handitu da azken bost urteetan: 2007-2008ko ikasturtean, LHko 69 ikaslek hartu zuten parte 8 herrialdetako enpresetan, eta gaur egun, 146 gaztek hartuko dute parte 12 herrialdetan.

Hain zuzen ere, 146 ikasle (haietatik, 40 neskak dira), gehienak goi-mailako heziketa-zikloetako bigarren mailakoak, Europako puntako enpresetan daude honezkero, eta han jarraituko dute ekainera arte. Ikasleek Europako zenbait herrialdetako enpresetan egingo dituzte praktikak; esaterako, Erresuma Batua, Irlanda, Herbehereak, Finlandia, Portugal, Italia, Alemania, Lituania, Polonia, Bulgaria, Eskozia eta Estoniako enpresetan. Hona hemen ikasleak hartu dituzten enpresetako batzuk: DAF Trucks NV eta Philips, Eindhovenen (Herbehereak); Nekazaritza Baliabide eta Gaietarako Ministerioa (Malta); Hannoverreko Unibertsitateko Giza Nutrizioaren eta Elikagaien Zientziaren Fakultatea, Alemanian; INRA (Institut National de Recherche Agricole), Frantzian; eta Smartphone Media, Erresuma Batuan. Praktikak amaitzean, enpresa eta erakunde horien %20k lan-kontratua eskaintzen die ikasleei, eta haietako batzuek onartu egiten dute.

Ekimen hau Lantokiko Prestakuntza izenarekin ezagutzen da, eta HETEL duela 10 urte baino gehiago hasi zen hartan aktiboki parte hartzen. Ekimena Erasmus eta Leonardo Europako mugikortasun-programen baitan dago (Erasmus goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat da, eta Leonardo, erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat). Praktikak egitera atzerrira joan diren LHko 146 gazteetako gehienak goi-mailako heziketa-zikloetako bigarren mailako ikasleak dira, 21 urte inguru dituzte, eta martxoa eta ekaina bitartean egingo dituzte praktikak.

Ildo horretan, HETELek, berrikuntzarako joera duen aldetik eta nazioartekotzea aintzat hartzen duenez, programa horietan parte hartzeko aukera ematen die bere zentroetako ikasleei, prestakuntza Europara ireki dadin sustatze aldera. Halaber, Erasmus eta Leonardo programen bekei esker, ikasleek beren hizkuntza-gaitasunak garatu eta beren prestakuntza enpresen beharretara egokitu dezakete, gero eta globalizatuago dagoen merkatu honetan.

Gazte horietatik, 46 ikasle Arabako HETEL zentrokoak dira (Egibide); 51 ikasle Bizkaiko HETEL zentroetakoak (Zabalburu Ikastetxea, Deustuko Salesianos, Indautxuko Kimika eta Elektronika Eskola, Txorierri Politeknika Ikastegia, San José Maristak, Lea Artibai ikastetxea, Zulaibar, San Viator eta Somorrostro); eta 49 ikasle Gipuzkoako HETEL zentroetakoak (Arrasateko Goi Eskola Politeknikoa, Oñati Gestio Heziketa, Urola Garaiko Lanbide Eskola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Irungo La Salle, Nazaret zentroa, Goierri Eskola, La Salle Berrozpe eta Urnietako Salesianos).

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE