Lonjak, aisialdi eredu gero eta hedatuagoa

Gazteen lonja edo lokalen fenomenoa Euskal Herrian soilik ematen den gauza omen da. Orain arte, fenomeno honen inguruko tokian tokiko ikerketak soilik burutu izan dira, baina berriki, Gazteen Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion ikerketa oso bat burutu du

Gazteen lonja edo lokalak bere aisialdian gazte-talde batek erabiltzen eta partekatzen duen erabilera pribatuko espaziotzat ulertzen da. Azken urteetan, lokal hauen ugaltze nabaria eman da eta, horrela, euskal gazteriaren %20ak horrelako lokal baten kide dela kalkulatzen da. Gainera, beste % 25 batek eduki izan du aurrez, nahiz eta une honetan ez duten; hortaz, lehen edo orain lonjaren bat izan duten gazteak %45ra iristen dira. Gainerako % 55ek ez dute inoiz lonjarik izan, baina, hala eta guztiz ere, ez zaie guztiz arrotza egiten, horietatik heren bat baino gehiago egon delako inoiz edo behin lagunen lokalen batean. Lonja ez dutenen artean, heren batek lonja bat izan nahi lukeela aitortzen du.

Aipatu ikerketan lortutako emaitzen baitan, lonjen fenomenoa mutilen gauza dela ondoriozta daiteke. Izan ere, gehiago dira lonja baten kide diren mutilak neskak baino. Adinari dagokionez, 25 urtetik beherako gazteak ohi dira lokal hauen kide, bataz besteko adina 21 urtetakoa delarik.

Lonjak edo lokalak tarteko bizigune bat dira gazteentzat, hots, zubi moduko bat gurasoen etxeko gelatik geroko norberaren etxeraino, espazio propioa baina konpartitua. Esan liteke lonjak eta lokalak lagunartearentzat “etxeak” direla, lagunartea gazteen gizarteratzeko gunetzat hartzen badugu. Inkestatutako gazteen hiru laurdenek eguraldi baldintzak onak ez direnean kalean ez izateagatik lonjan izaten direla aitortzen du. Erdiak berriz, eremu propio bat izatea gustoko duela onartzen du, arau propioekin.

Lokalen erabilera
Ikerketaren arabera ia lonja gehienak mistoak diren arren, inkestatutako %23ak onartzen duenez bere lonjakide guztiak mutilak dira. Normalean, (%58) lonjak koadrila bakar batek hartzen du lokala, baina lokal bera partetkatzea ere ez da gauza arrotza (%42). 15 urtetik 19 urte arteko gazteen artean, partekaturiko lonjak % 53 dira; 25 eta 29 urte artekoen artean, berriz, % 29 bakarrik. Lonja partekatzeko arrazoirik nagusiena lokalaren alokairuaaren kostua merketzea izango litzateke.

Bataz beste, lonja bakoitzean izaten den lagunen kopurua 15etik gorakoa da., eta hainbat kasutan (%28) baita 25 lagunetatik gorakoa ere. Ia denek adostuak dituzte funtzionamendu-arau zenbait: % 94k dio gutxieneko arau batzuk dituztela, eta % 92k arau horiek adostasunez ezarriak direla. Lonja edo lokala koadrilaren toki erreferentziala da, elkargunea: kideen erdiak baino gehiago aurrez adostu gabe bertaratzen dira lokalera, bai baitakite beti dagoela norbait; hamar kidetik zazpik diote kide guztiek dutela lokaleko giltza. Batik bat asteburuetan joaten dira gazteak lonja eta lokaletara: % 85 ia astebururo eta, neurri txikiago batean, astegunetan; % 40k dio ez dela inoiz edo ia inoiz joaten. 20 urtetik 24 urtera bitarteko gazteak dira lokala gehien erabiltzen dutenak, bai astegunetan bai asteburuetan.

Udalak
Asko dira gazteen lonja eta lokalen arlo honetan paper aktibo bat erakutsi duten udalak. Gazte gehienek onartzen dute udalaren eginkizuna: soil-soilik % 17k uste du udalak ez duela zertan sartu behar lonjen alorrean. Udalaren esku-hartzea planteatzen dituzten bi aukeren artean, hots, ordenantza espezifikoak ezartzea edo erregistro bat sortzea eta gomendioak ematea, atxikimendu handiagoa sortu duena bigarrena da (%45). Ordenantza espezifikoak sortzearen alde, aldiz, % 36 agertzen da.

Lonja eta lokalei aholkularitza eta laguntza emanez egin daitekeen udal interbentzio baten harira, gazteen % 78k uste du udalek bitartekaritza-lanak egin beharko lituzketela bizikidetza arazorik sortuz gero. Uste hori hedatuago dago gazteen artean (% 84).

Bestalde, planteatzen denean udalek lonjak/lokalak prezio merkean eskaini beharko lituzketela gazteek alokatu ahal izateko, horren alde agertzen dira hamar gaztetik zortzi, batez ere lonjakideak (% 94) eta 15 eta 19 urte bitartekoak (% 91).

Azkenik, udalek lonja hauetan sexualitatearen eta drogen alorreko arriskuen prebentzioan kanpainak antolatzeari buruz, alde agertzen da hamar gaztetik sei, baina lonja dutenak dira atxikimendu gutxien erakusten dutenak (% 44).