Prestakuntza handiagoa lan egoera kaxkarrari aurre egin ahal izateko

p1315Lan merkatuaren egoera tamalgarrian aurrera egin ahal izateko trebakuntza funtsezkotzat jotzen da. Ikasketa maila altuagoa duten gazteek langabezia tasa baxuagoa dute.

Egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoa jada lau urtez luzatu da eta, orain–dik ere, adituek ez dute oso garbi noiz izango den honen amaiera. Zalantzarik gabe, gazteria da modu latzenean krisi hau sufritzen ari den sektorea eta, horrela, ezagutzera eman diren azken datuen arabera, gazte langabezia-tasa inoiz baino altuagoa da une honetan, gure erkidegoan ia %40an kokatzen delarik. Datu hau krisia hasi aurretik lortutako datuekin alderatzen badugu, azken 6-7 urteetan EAEn 16 eta 24 urte bitarteko 38.000 gaztek bere lana galdu duela ikusiko dugu. Modu honetan, aipatu gazte langabezia-tasa %6,6tik %39,3ra pasa da.

16 eta 24 urte bitarteko gazteen multzoan eskola eta lan merkatuaren arteko iragaite prozesua ematen da eta horrek, sarritan, enplegu kolokatasun eta langabezia-frikzionala suposatu du. Betidanik, gazteek lana aurkitzeko zailtasun handiagoak izaten dituzte, batez ere, bere esperientzia faltagatik. Krisi egoeretan, gainera, gazteek bere lanpostuak galtzeko arrisku handiagoa dute, hauek kaleratzeak merkeagoa delako eta kasu gehienetan behin behineko lanpostuak betetzen dituztelako.

Prestakuntza handiagoa
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sistema eredutzat hartu izan da azken hamarkadetan jarraitu duen trebakuntza prozesua dela eta. Gaur egun, lanean diren 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %25ak unibertsitate mailako ikasketak burutu ditu eta %73ak DBHko ikasketak. Zentzu horretan, duela hamar urteko maila berberean aurkituko ginateke. Adin tartea zabalduz gero, 35 urtetik beherako gazteen portzentajea %67tik %64ra jaitsi dela ikus daiteke eta uniberstitate ikasketak burutu dituztenena, berriz, %32,5etik %35era igo da. Euskal gazteria, beraz, inoiz baino prestatuagoa dagoela baiezta daiteke inolako eztabaidarik gabe.

Krisi honek agerian utzi ditu gazteek hezkuntza ibilbidea utzi eta lan merkatuan txertatzeko dituzten arazoak. Zailtasun hauek adierazle desberdinetan ikus daitezke: gazte langabezia-tasan izandako aldaketak, gazte langabezia-tasa eta helduen langabezia-tasaren arteko erkaketa, iraupen handiko langabezia gazteen artean, lan merkatuan txertatzen ez diren gazteen kopurua, lehen lanpostua lortzeko beharrezkoa den denbora tartea…

Gure egunetan bizi dugun egoera honek, zalantzarik gabe, ondorio zuzenak izango ditu epe ertain eta luzean. 2011an argitaratu zen The Family Watch txostenaren arabera langabezian diren gazteak diru sarrera murritzagoak izango dituzte heldutasunean eta gainera, hezkuntzan egindako inbertsioa ere galtzen da, gazte asko bere prestakuntza azpitik dauden lanpostuetan amaituko dutelako. Egoera honek ere gizartean eragiten du modu zuzenean, Gizarte Asegurantzako diru sarrerak murrizten direlako, osasun eta gizarte-bazterkeria arazoak biderkatzen direlako, kontsumoa murrizten delako, jaiotze tasak jaisten direlako eta trebatutako hainbat gazte atzerrira joaten direlako lan aukera hoberen bila.

Hezkuntza arloari dagokionez, kontratazioa berraktibatzen denean ere arazo batekin egingo dugu topo; izan ere, egun langabezian diren gazteek hezkuntza sistematik atera berri diren gazteekin egingo dute topo lanpostu horiek eskuratzeko orduan. Enpresek azken hauek hautatuko dituztela aurreikusten da.

Lan merkatua
Azken lau urteetan, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen jarduera-tasa 11 puntutan jaitsi da EAEn. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, arrazoi bakarra ez da aski ezaguna dugun krisi ekonomikoa. Horrela, adituek adierazten dutenez, krisiaren faktorea bezain garrantzitsua dira dugun pauta demografikoa eta ikasketa ibilbidea luzatzeko aukera.

Demografiari dagokionez, 16 eta 24 urte bitarteko euskal gazteen kopurua ia erdira jaitsi da azken 30 urteetan. 1985an, aipatu adin tarte horretako 330.000 gazte ziren bitartean, gaur egun 164.000 besterik ez dira. Populazio jaitsiera hau 90ko hamarkadan hasi zen eta modu jarraian eman da.

Enplegua bilatzen ez duten gazteeen artean, %86a ikasketak burutzen ari da. ELGA/OCDEk argitaratutako ‘Hezkuntzaren Egoera 2012’ txostenaren arabera, Espainia da, %27,3rekin, ez ikasten eta ez lanean diren 15 eta 29 urte bitarteko gazte ehunekorik handiena duen europar estatua (Ni-Ni izenarekin ezagutzen den belaunaldia). ELGAko bataz bestekoa, kasu honetan, %15,8koa da. Pasa den urtearen amaieran Europar Batzordeak aditzera eman zuenez, NiNien arazo honek, urtero, 15.700 milioi eurotako galera suposatzen dio espainiar estatuari, hots, BPGaren %1,4a.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago honen inguruko datu zehatzik. Dena den, gaur egun, ez ikasten eta ez lanean diren 15 eta 24 urte bitarteko euskal gazteen portzentajea %10,4koa da, duela bi urte, bataz beste ELGAn zen datuaren (%10,9) maila berean. Datu honek hezkuntza maila edota eskola porrota adierazten duten bestelako adierazleekin egingo luke bat, EAE nazioartean den bataz bestearen mailan kokatuz.

Gazte langabezia-tasa
Gazte langabezia-tasa arazo larria bilakatzen ari da gure artean zein Europa mailan. Gurean, aipatu tasa lau aldiz biderkatu da azken bost urteetan eta Eustatek emandako azken datuen arabera jada %39,3an kokatzen da. Estatuari dagokionez, portzentaje hori jada %52,3an da. Datu larriak izanik, oraindik ere 1985an eta 1993an izan zen %56ko gazte langabezia-tasatik urrun aurkitzen gara. Urrututiago geratzen da, hala ere, duela 7 urte eskas zen %6ko gazte langabezia-tasa. Zentzu honetan, 2009 izan genuen urte gakoa, 12 hilabete eskasetan tasa hau %9tik %25era pasa baitzen.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE