Euskadin 16 eta 29 urte bitarteko 100 gaztetatik 35 lanean ari da, 14 langabezian eta lan bila daude eta 50 ikasten ari dira.
EUSTATek burutzen duen Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) azterlanan oinarrituta Gazteen Euskal Behatokiak euskal gazteriaren enplegu egoeraren inguruko azterketa burutu du maiatzaren lehena dela eta. Azterketa, enpleguari dagozkion adierazle estatistiko nagusietan oinarritzen da, hots, jarduera-tasa, enplegu-tasa eta langabezia tasa.
Lehenengoari dagokionez, urte honetako lehen hiru hilekoan EAEko gazteen jarduera-tasa %48,7an kokatuko litzateke. Jarduera-tasak adin talde batean zenbat pertsona dauden lan egiteko moduan adierazten du, hots, lanean daudenak zein lan bila dabiltzan langabetuak. Beraz, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteriaren ia erdia lanean edo lan bila izango litzateke. Beste erdiak, berriz, ikasketak burutzen dihardu. Aurreko urteetan jasotako datuekin alderatuta, euskal gazteriaren jarduera-tasa nabarmen murriztu dela ikus daiteke. Horrela, azken 8 urteetan 12 puntutan jaitsi da, 2005. urtean jarduera-tasa %60,7koa baitzen.
Enplegu-tasari dagokionez, berriz, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko euskal gazteriaren %34,7a lanean dela baieztatzen da. Beraz, aipatu adin tarteko 100 gazteetatik 35 lanean ari dira une honetan. Jarduera-tasarekin jazotzen den bezala, enplegu-tasak ere beheruntz jo du azken urteetan. Horrela, 2005ko %54,6ko enplegu-tasa izatetik oraingo %34,7ra pasa gara. Estatuarekin alderatuta, euskal gazteriaren enplegu-tasa altuagoa da 2009.urtetik geroztik. Une honetan, estatu mailako gazteriaren enplegu-tasa %33,1koa da. Azpimarratzekoa da, hala ere, euskal gazteriaren enplegu-tasa euskal biztanleria osoaren enplegu-tasa baino hamairu puntu baxuagoa dela, %34,7 eta %47,5 hurrenez hurren.
Langabezia tasari dagokionez, hots, lanik ez baina lan egiteko moduan dauden eta lan bila aktiboki dabiltzan pertsona aktiboen tasa, euskal gazteriaren kasuan %28,7an kokatzen da. Kontutan izan behar da, tasa honek ez dituela bere barnean ikasleak eta pertsona ezinduak hartzen. Beraz, lan egin nahi eta ahal duen 4 euskal gazteetatik batak ez du hori lortzen. Hau gehien kezkatzen duen kopuruetako bat da, izan ere, euskal gazteriaren langabezia-tasa bost aldiz hazi da azken bost urteetan. Horrela, 2007ko %5,7 gazte langabezia-tasatik (inoiz izan den baxuena) oraingo %28,7ra pasa gara (inoiz izan den altuena). Estatu mailan, gazteriaren langabezia-tasa %44,6an kokatzen da une honetan.
16 eta 29 urte bitarteko gazte-kopuru osotik (eta ez biztanle aktiboen kopurutik, nazioarteko bulego estatistikoek egiten duten bezala) langabezian daudenak zenbat diren kalkulatuz gero, ehunekoa %14kora jaitsiko litzateke. Hau, biztanleria gazte osoari doitutako langabezia izenarekin ezagutzen da.