Maiatzaren 10ean martxan jarri da Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen “Musika deibertigarria da” ekimenaren edizio berria. Aipatu ekimenaren xedea, musika klasikora eta hain ezagunak ez diren beste estilo batzuetara ikus-entzule berriak erakartzea da.
Maiatzean zehar, Abando – Barrainkuako Udaltegiak, helduei zuzendutako hiru kontzertu didaktiko eta umeentzat bereziki diseinatutako ipuin saio bat eskainiko ditu. VI. ediziora heldu den kontzertu didaktikoen ziklo horren helburu nagusia, esan bezala, entzuleak musika klasikora hurbiltzea da, musika genero horren ezagutza eta gozamena bultzatuz, eta txikienen artean musika genero horretara ikus-entzule berriak erakartzea da.
“Musika dibertigarria da” egitaraua Impromptu Taldeak Mozarti eskainiko zion saioarekin hasi da. José Manuel Cachok (biolina), Victor Jiménezek (pianoa) eta Sergio Barrancok (klarinetea) osatutako musika hirukoteak musikari handi austriarraren 16 lan interpretatu zituen. Ekitaldi horretan, Mozarten musika entzuteko parada izateaz gain, bertaratu zirenek Mozarten alderdi gizatiarrena, eta beharbada gutxien ezagutzen dena, ezagutzeko aukera izan zuten.
Bigarren kontzertu didaktikoa maiatzaren 16rako programatuta dago eta bere protagonista Urval Ensemble klarinete laukotea izango da. “The Clarinet” hezkuntza eta musika uztartzen dituen egitasmo bitxia da, gure eremu geografikotik kanpo sortua. Jasone Etxebestek, Mikel Emezabalek, Carlos Casadók eta Marixi Sesmak, Aita Donostia, Astor Piazzolla, Jesús Guridi eta Jean Françaix konposatzaileen lanean oinarritutako errepertorioa eskainiko dute.
Txikienentzako saioak
Maiatzaren 24an, Tin Pan Alley taldeak August Strindberg dramagile suediarraren “Los secretos del secadero de tabaco” lana aurkeztuko du. Hau, 5 urtetik aurrerako umeei zuzendutako ipuin musikala da. Egileak, gaizkia on bilakatzeko dauden aukerei buruzko itxaropenez betetako mezua ematen du. Idoia Somoza sopranoak jarriko dio ahotsa ipuinari, Marta Galleguillos pianoan lagun duela.
Maiatzaren 31an, berriz, Nuria Orbea soprano bilbotarrak eta Marion Descjacquesek, Bilboko Orkestra Sinfonikoko – BOSeko arpa solistak, osatutako “Músicas del mundo” egitasmoa aurkeztuko dute. Ekimenak musikaren ondare kulturala jasotzen du, Ravel, Villa – Lobos, Debussy, Ginastera edo Falla bezalako musikako maisu handiek konposiziorako zuten begiradaren bitartez. Horrez gain, melodia herrikoi greziarrak, argentinarrak, brasildarrak, sefardiak edo zeltiarrak interpretatuko dituzte.