DBHko ikasketak amaitu ostean ikasleek zer ikasi nahi duten erabaki behar dute. Sarritan, orientatzaileen laguntza izan arren, hau erabaki zaila izaten da, azken finean, erabaki horrek norberaren ibilbide profesionala baldintzatuko baitu
Derrigorrezko Hezkuntza amaitu ostean zein ikasketa burutu nahi duzun erabakitzea zaila suerta daiteke. Eskoletan diren orientatzaileek erabaki hori hartzen lagun dezakete, baina ikasle bakoitza mundu bat denez, komenigarria litzateke norberak arau orokor batzuk jarraitzea.
Lehenik eta behin, hautatzen dituzun ikasketek zure interesekin bat egin behar dute, hots, zure ezaugarriekin bat egin behar dute. Epe laburrean, apika, zailagoa da ikustea, baina epe ertainean, hau da, ikasketak amaitzen dituzunerako, ikasi duzun horrek zein nolako lan irteera duen jakin beharko zenuke. Unibertsitate ikasketak burutzeko asmoa baduzu, kontutan izan behar duzu nahi duzun hori ikasteko agian etxetik alde egin behar duzula; Euskal Herriko beste hiriren batera edota bestelako Autonomia Erkidegoren batera. Unibertsitate ikasketak garestiak izan daitezke, eta hautatutako karreraren arabera are gehiago. Hau ere kontutan hartu beharko duzu zure familiak gastu horren berri izan dezan.
Sarritan, ikasleek ikasketak hautatzen dituzte lanbidearen arabera, benetan horrek zer suposatzen duen jakin gabe. Lanbide bat hautatu baino lehen, sakondu beharko duzu horretara iristeko zein nolako ibilbidea egin behar den ezagutzeko, eta are garrantzitsuago, ibilbide horrek zure izaerarekin bat egiten duen ala ez ikusi.
Bi ibilbide nagusi
DBH gainditu dituzten ikasleek, ikasten jarraitu nahi izanez gero, bi ibilbide nagusi dituzte: Gradu Ertaineko Lanbide Heziketa eta Batxilergoa. Lehenengoak esparru zehatz batean espazializatzeko aukera ematen du eta lan merkatura azkar ateratzeko aukera ematen du. Batxilergoan, berriz, ikasleek ondoren burutu beharreko unibertsitate ikasketetarako oinarria hartzen dute.
Europan ez bezala, gurean Batxilergoak arrakasta handiagoa du ikasleen artean, hau da, ikasle gehiagok bide hau jarraitzea erabakitzen du. Estatu mailan, ikasleen %32k erabakitzen du Lanbide Heziketa ikastea (Europan, bataz beste, %58). Lanbide Heziketako ikasketak 26 familia desberdinetan banatzen dira, hauen barruan 140 titulazio jasotzen direlarik. Lan merkatura bideratutako ikasketak dira eta 2012. urtean, kualifikatutako enplegu eskaintzen %20tik gora LHko tituludunentzat bideratuta zeuden. Titulua lortzeko beharrezkoak diren orduen laurden bat edo praktiketan ematen dira.
Esan bezala, batxilergoa da ikasle gehienek aukeratzen duten ibilbidea. Estatuan ia ikasleen %60ak ibilbide hau aukeratzen du, nahiz eta Europan, bataz beste, %40 ingurukoa izan. Batxilergoa bi ikasturtetan banatzen da eta hauetan, ikasleak ondoren unibertsitatean ikasi behar dituzten edukietarako prestatzen dira. Horrela, gaur egungo batxilergoa hiru trebakuntza ibilbide desberdinetan banatzen da ondoren egin beharreko ikasketen arabera: Zientzia eta Teknologia; Artea; eta Humanitateak eta Gizarte Zientziak. Bi urtetako ikasketa hauek gainditzen dituzten ikasleek, normalean, unibertsitate ikasketak egiten jarraitzen dute, baina izan badute Lanbide Heziketako Goi Graduko ikasketak edota Goi Mailako Trebakuntza Artistikoa egiteko aukera. Unibertsitatera joateko, lehenik eta behin, ‘Unibertsitatera sartzeko proba’ (lehen selektibitatea izenarekin ezagutzen zena) gainditu behar da; eta Goi Mailako Trebakuntza Artistikoa egiteko ere froga berezi bat gainditu behar da.
Orain arte azaldutakoak dira DBH gainditu duten ikasleek dituzten aukera nagusiak, baina izan badira beste aukerak ere. Hauetako bat, Arte Plastiko eta Diseinuko Gradu Ertaineko Zikloak ditugu. Ikasketa hauek 12 familiatan banatuta daude (guztira 42 espezialitate) eta besteak beste, honako lanbide hauek aurkitzen dira: autoedizioa, serigrafia… Normalean urtebete edo bi urtetako ikasketak dira. Bigarren aukera bat Gradu Ertaineko Kirol Ikasketak ditugu. Ikasketa hauek 18 ziklotan banatuta daude. Zenbait kasutan, eta hautatutako espezialitatearen baitan, hautagaiek kirol froga bat gainditu beharko dute. Ikasketa hauek amaituta, unibertsitate mailako ikasketetara bide ematen duten Goi Graduko Kirol Ikasketak buru daitezke.
DBH amaitzen ez dutenak
Espainiar Hezkuntza Ministerioak berriki eman dituen datuen arabera, ikasleen ia heren batek ez ditu DBHko ikasketak amaitzen. Datu kaxkar hauek Espainia eskola porrotaren sailkapeneko lehen postuetan kokatzen du Europa mailan. Zorionez, Euskadin datuak askoz positiboagoak dira. Eskola uzte tasa EAEn %12koa da, Europako bataz bestearen azpitik (%13,5). EAEk jada Europar Batasuneko datuak hobetu egiten ditu 18-24 urte bitarteko ikasleen garai aurreko eskola uzte tasan eta baita 30-34 urte bitarteko goi mailako hezkuntza tasan.
Dena den, DBH ez amaitzeak ez du suposatzen ikasketak alde batera utzi behar direnik. Horrela, nahiz eta DBHko graduatua ez izan, ikasleek Gradu Ertaineko Lanbide Heziketako ikasketak hasteko aukera dute, beti ere sarrera froga bat gainditu ondoren. Normalean, Lanbide Heziketako zentroetan horrelako ikasleentzat eserlekuen %20a gordetzen da.
DBHko titulua lortu ez dituzten ikasleek Arte Plastiko eta Diseinuko Gradu Ertaineko Ziklo edota Gradu Ertaineko Kirol Ikasketak ere buru ditzakete, beti ere hamazazpi urte beteta baldin badute.
Kualifikazio Profesionala
DBHko ikasketak amaitu ez eta bestelako ikasketak burutzeko nahikoa maila ez duten ikasleek Kualifikazio Profesionalerako Programetara jo dezakete. Programa hauen xedea ikasle hauek lanbide bateko oinarrizko mailako kualifikaziora hel daitezen lortzea da. Hauek amaituta, ikasleek, hala nahi izanez gero, bestelako ikasketekin jarraitzeko aukera dute, kasu honetan, Gradu Ertaineko Lanbide Heziketan.
Azkenik, Tailer Eskolak eta Lanbide Etxeak ditugu. Irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituzte trebakuntza eta enplegu zentro hauek eta bere xedea 16 urtetik gorako langabetuei irtenbide bat ematea da.