Beldur Barik Jarrera 2013: Guztiak berdinak garelako

Beldur Barik Jarrera 2013 lehiaketa 18 eta 26 urte bitarteko gazteentzat da eta emakumeenganako indarkeria gaitzestea, nesken ahalduntzea eta benetako berdintasunean oinarritutako maitasun-harreman positiboak bezalako gaiak dituzten lanak sarituko dira

Jada abian da Beldur Barik programak Beldur Barik Jarrera! lehiaketaren IV. edizioa. Beste behin, gazteek emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerak salatzeko aukera izango dute adierazpen artistiko desberdinen bidez. Lan horiek guztiak errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, eran–tzukidetasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dituzte, hots, Beldur Barik jarrera delakoa islatu behar dute. Horretarako, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute.

Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa. Proposamenek ezaugarri hauek eduki behar dituzte:
1.Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute.
2. Gogoetak eta eztabaidak sorrarazten dituen mezua eduki behar dute, nesken jabekuntzatik eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisotik abiatuta.
3. Indarkeriaz hitz egiterakoan, estereotipoak gainditu behar dira. Hau da, ez da bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik datorren indarkeria fisikoaz bakarrik hitz egin behar.
4. Emakumeen aurkako bestelako indarkeria eta bazterketa mota batzuk erakutsi behar dira.
5. Dramari ihes egin behar zaio, eta neskak eta emakumeak ez dira erakutsi behar ezertarako gai ez diren biktima gisa.
6. Originalak izan behar dira, bai tonuan, bai gaian, bai mezua emateko moduan. Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmob; errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak; argazkiak, argazki-muntaiak; fotonobelak; lipdubak; dantza; film laburrak; animazio proiektuak; proiektuak edo artelanak bideoan aurkeztea; performanceak eta kaleko esku hartzeak, etab.

Nola hartu parte
Lehiaketan edozein adierazpen artistikoa bidaliz parte hartu dezakezu, baina beti grabatzen eta bideo formatoan aurkezten baduzu! Bideoek ez dute, lehen esan bezala, zertan kalitate handian grabatuak izan behar eta gauzarik xumeena izan daiteke, garrantzitsuena mezua baita. Behin bideoa grabatuta, YouTube (Google kontu bat behar da) edo Vimeo (izena eman behar da) plataformetara igo behar da. Behin bideoa igota, plataforma horiek edukiak partekatzeko ematen duten esteka bidali behar da honako posta elektronikoko helbidera: jarrera@beldurbarik.org honako informazioa zehaztuz: parte hartzen den kategoria, proiektuaren izenburua, proiektuaren esteka, banakako parte hartzea bada (izena, sexua, adina) eta taldeko parte hartzea bada (taldeko pertsona bakoitzaren izena, sexua eta adina adieraziz), harremanetarako pertsona, helbidea, herria eta probintzia, Telefonoa eta E-posta.

Bideoak grabatzerakoan, kontutan hartu behar da autore-eskubide eta Copyright legeak errespetatu behar direla. Bideoarekin batera musikaren bat erabi nahi izanez gero, musika hori erabiltzeko eskubideak izan behar dira, bestela, aurreko edizioetan izan diren arazoak errepika daitezke. Izan ere, aipatu YouTube eta Vimeo plataformek arau hau errespetatzen ez dituzten edukiak ezabatu egiten dituzte eta lehiaketatik at geratzeko arriskua dago.

Sariak eta epaimahaia
Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago eta kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira. Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 eurotako ordainsaria irabaziko du eta gainera, kategoria bakoitzeko bi aipamen berezi izango dira. Azken hauek 250 eurotako saria jasoko dute.

Epaimahaia osatzen duten pertsonek proiektu honi lotutako erakundeen ordezkariak, eta sormenaren, kulturaren eta hezkuntzaren munduetako eta berdintasun politiken alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan aritzen diren emakume feministak izango dira.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE