Ikasle gehienek ez dute garbi zer ikasi nahi duten

Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza gradua ikasleen gustu eta enplegu eskaintzetan lehena

Ikasleen erabakirik garrantzitsuenetako bat unibertsitate ikasketak behar bezala aukeratzea da. Unibertsitaterako sarbidea ematen duen azterketa gaindituta, bataz besteko nota bat behar izaten da gradu desberdinetan sartu ahal izateko, baina, ikasleek garbi al dute azterketa hau burutzerakoan zein ikasketa burutu nahi dituzten ondoren?

Círculo Formación aholkularitzak 13.000 mila gazteren artean burutu duen ikerlan baten arabera, ikasleen % 76ak ez du garbi zein unibertsitate ikasketa burutu nahi dituen. Beraz, 4 ikasleetatik bakarrak daki zer ikasi nahi duen. Aipatu kopurutik, hots, zer ikasi garbi ez dutenen artean, % 5ak ez daki zer ikasi, % 31ak bi graduen arteko zalantzak ditu eta % 40ak hiru graduen artean.

Oro har, zientzietako ikasleek garbiago izaten dute zein ikasketak burutu, apika, gradu horietan normalean nota bat eskatzen delako; gizarte zientzietakoak, ostera, ez hainbeste. Azken hauen artean, dena den, bada gradu guztien gainetik ikasleen gustoko den gradu bat: Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ). Izan ere, gradu hau bilakatu da ikasle gehienek burutu nahi duten gradua.

Gustuak eta lan eskaintzak
Círculo Formaciónek burututako aipatu ikerketaren arabera, ikasleen % 34ak Gizarte eta Zientzia Juridikoen alde jotzen du, % 29ak Osasun Zientzien alde, % 22k Ingeniaritza eta Arkitekturen alde eta % 15ak Humanitate eta Arteen alde.

Era berean, Infoempleok eta Adeccok iaz burututako ikerketa baten arabera, EAZ gradua izan zen enpresek gehien eskatutako ikasketa eredua, eskaintza guztien % 4,2rekin, hain zuzen ere. Horrek, % 1,5eko igoera suposatu zuen aurreko urtearekin alderatuta. Ordura arte, Ingeniaritza Industriala zen lan eskaintza gehien zituen ikasketa.

Hala ere, ikerlan honen arabera, titulazio teknikoak dira eskaintza gehien dituzten ikasketak, nahiz eta % 46,7tik % 43,3ra pasa. Indarra hartzen ari dira, berriz, ikasketa juridiko-sozialak lan eskaintzen % 36,7rekin.

Sektoreka, zerbitzuena da eskaintza gehien biltzen dituena, % 8,78rekin. Hau, hirugarren postuan kokatzen zen aurreko neurketan eta lidergotza kendu dio industriari. Gaur egun, lan eskaintzen % 61an unibertsitate mailako ikasketak eskatzen dira, 2011an baino 12 puntu gehiago.

Zer ikasi?

Zein aldagaien arabera aukeratzen du gazte batek ikasketa batzuk edo besteak? Círculo Formaciónek egindako azterlanaren arabera, %43ak bokazioz aukeratzen ditu bere ikasketak, eta %36ak, berriz, irtenbide profesional hobeak izango dituelakoan. Badira pragmatikoak direnak ere; adibidez, %13ak soldata oso altuak dituzten lanbideetarako prestatu nahi du bere burua, %4k etxetik gertu egoteko eta %3k lan ordu asko behar ez dituzten lanbidetarako. Bokazioari dagokionez, berriz ere, ikasle gehienak ikasketa zientifikoetan azaltzen dira.

Azkenik, ikerlan honek ondorio interesgarri bat ere uzten du. Horrela, ikerlanaren arabera gazteek ez dute egun bizi dugun krisi ekonomikoa kontutan hartzen ikasketak aukeratzeko orduan; gehiengoak gustoko dituen ikasketak burutzen ditu eta etorkizunean egoerak hoberuntz egingo duela uste du.

Ikasleek gustokoen dituzten hamar unibertsitate ikasketa:

  1. Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza. % 4,18
  2. Ingeniaritza Industriala. % 3,26
  3. Ingeniaritza Informatikoa. % 2,96
  4. Ingeniaritza Tekniko Industriala. % 2,89
  5. Enpresa Zienziak. % 2,52
  6. Ekonomia. % 2,32
  7. Zuzenbidea. % 2,20
  8. Ingeniaritza Tekniko Informatikoa. % 1,75
  9. Telekomunikazio Ingeniaritza. % 1,54
  10. Lan Harremanak. % 1,34.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE