Gasteizko Udalak esperimentu bitxia burutu du azken egunetan hiriburuko kaleetan zehar. Izan ere, Udalak garraiobide desberdinen lasterketa antzeko bat antolatu du eta emaitzak ezagutzera eman ditu. Aipatu lasterketaren abiapuntua Lakuan izan zen, Donostia kalean hain zuzen ere eta Abastos plazatik igaro ostean, Txagorritxura abiatu ziren Lakuako merkatal zentroan amaitzeko. Esan bezala, lasterketan garraiobide desberdinek hartu zuten parte, hala nola, taxi bat, bizikleta bat, autobus publikoa eta auto bat. Irabazlea neurtzeko bi aldagai hartu ziren kontutan: ibilbidea burutzeko emandako denbora eta ibilbide horren salneurria.
Denborari dagokionez, taxia izan zen denbora gutxien behar izan zuena, 40 minutu hain zuzen. Gezurra badirudi ere, bizikleta izan zen bigarren iritsi zena, hamar minutu beranduago zirkulazio arau guztiak beteta. Bizikletaren ondoren, autobusa eta kotxe pribatua iritsi ziren, azken honek, aparkatzeko arazo handiak izan baitzituen.
Ibilbidearen kostearen inguruan, bizikleta da, noski merkeena eta garestiena, berriz, lehena iritsi zen taxia.