Bilboko Udalak hainbat jarduera kultural prestatu ditu gabon hauetarako. Abenduaren amaiera eta urtarrilaren hasiera bitartean, Bilboko barruti desberdinek clown emanaldiak, magia ikuskizunak, antzerkia, kontzertuak, folklorea eta beste hamaika ekitaldi jasoko dituzte. Guztira, adin guztietako ikusleentzako 90 ikuskizun eta jarduera prestatu ditu Kultura eta Hezkuntza Sailak ”Kultura Barrutik” lelopean aurkeztu den egitarauan.
Gazteenek, adibidez, ipuin kontalariak izango dituzte Deustun (”Olentzero eta bere lagunak” edota ”Dinosaurio egitasmoa”), Uribarrin (”Neguko Ipuinak”), Otxarkoaga/Txurdinagan (”Horra, horra gure Olentzero”), Begoñan (”Irudizko oparien bila”), Ibaiondon (” ”Horra, horra gure Olentzero”) edo Basurtun (”Neguko Ipuinak”).
Antzerkia ere programazio honen ardatz garrantzitsuenetariko bat izango da. Horrela, besteak beste honako antzezlanak izango dira ikusgai: ”Boli, bili, boli” eta ”Ilusioaren doinua” (Basurtu); ”Ez ukitu nire eskuak” eta ”Karakola eta barea” (Deustu); ”Biolin magikoa”, ”Vademecum” eta ”Boli, bili, boli” (Uribarri); ”Vaya lío de padres”, ”Tipos de tipas”, ”Un mal día”, ”Instantes” eta ”Pepe, la niña está embarazada” (Otxarkoaga/Txurdinaga); ”Cuando Martina encontró su historia” (Begoña)edota ”Madama Fakir and the Che Che Band” (Ibaiondo).
Hau guztia gutxi balitz, hainbat musika saio ere izango dira, hala nola, perkusionistak, kontzertu koralak, orkestrak, kantaldi familiarrak, erromeriak, dantza ikuskizunak, kalejirak, kontzertuak, flamenkoa, gospel kontzertua…
Programazioaren barruan, gaztetxoek ere ondo pasatzeko aukera izango dute klown ikuskizunekin, zirko tailerrekin, magia tailerrekin… Eta hain gaztetxo ez direnentzat, berriz, pintura erakusketak, irakurraldi bertsotuta Andoni Egañarekin, Belen erakusketak, zinea, poesia emanaldiak, argazki erakusketak edota ipuinak sortzeko tailerrak.
Udalarekin batera hainbat elkarte eta erakundek laguntza eman dute programa zabal hau osatzen.
Kontutan izan behar da emanaldi eta saio guztiak doakoak direla, baina, zenbait kasutan, eserleku kopuru mugatua dela eta, aldez aurretik izena eman beharko da barruti bakoitzeko udaltegi edo liburutegietan. Gabon hauetan, beraz, ez dago aitzakiarik kulturaz gozatzeko, eta gainera, dena musu-truk!