Emakume gazteen heren bat eta gizonen %7 bere herritik gauez ibiltzearen beldur da
Gazteen Euskal Behatokiak ”Euskadiko Gazteak 2012” azterlanaren barruan neska eta mutil gazteek zein modutan bizi duten herritarren segurtasuna aztertu du. Orain arte hiri-segurtasunaren pertzepzioa biztanle guztientzat oso antzekoa zela uste bazen ere, datu hauek bestelako ikuspegia ematen dute. Izan ere, 15 eta 29 urte bitarteko nesken % 32k bere herritik edo auzotik gauez ibiltzean beldur direla onartzen duen bitartean, sentsazio hori duten adin tarte bereko mutilen kopurua % 7raino jaisten da. Batazbeste, beldur den gazteriaren ehunekoa % 19koa da. Datu hauek guztiak, 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri egindako inkesta batean oinarritzen dira.
Emakumezkoen kasuan, segurtasun falta sentsazio hau hazi egin da 2008an egindako azterlanan lortutako datuekin alderatzen badugu. Horrela, 2008an emakumezko gazteen %29ak beldur zela adierazten zuen. 2004an, berriz, ehuneko hori 22koa zen. Mutilen kasuan, beldur sentsazioa konstant mantendu da urte hauetan guztietan % 6 eta 7 bitartean.
Alde hau emateko arrazoiak garbiak dira: azken hamarkadetan agerian geratu da gizonek eta emakumeek oso modu desberdinetan bizi dutela. Izatez, emakumeek hiri-indarkeriaren beldurra (sexu-erasoak, ahozko erasoak, lapurretak, intimidazioak eta abar) neurri handiagoan sentitzen dute, edozein direla adina, etnia, sexu-orientazioa, trebetasun fisikoak eta abar.
Emakundek jada segurtasunaren inguruko kezka hau jaso zuen EAEko emakume eta gizonen berdintasunerako V. Plana garatzean. Horrela, Emakunderen ustetan, emakumeen segurtasuna handitu beharra dago, bai hiri diseinuari dagokionez, beren diseinuagatik edo argi ezagatik edo isolatuta daudelako arriskutsuak diren edo segurtasun sentsazioa sortzen duten tokiak kenduz, bai prebentzio prozedurak edo protokoloak ezarriz.