Sariak Lanbide Heziketaren alde lan egin duten enpresa, erakunde edo pertsonen ahaleginak goraipatzea du helburu
HETELek, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak, gizarteko eta ekonomiako eragile ezagunak bilduko ditu datorren astelehenean, apirilaren 7an, EAEko Lanbide Heziketaren irudiaren inguruan eta enpresek eta berrikuntzak duten harremanaren inguruan hitz egiteko. Ekitaldiak 11:30etik 13:00etara iraungo du eta Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia 19-21) izango da. Ekitaldiari hasiera emateko Jorge Arévalo Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordeak hitz egingo du eta itxiera hitzaldia, berriz, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren esku egongo da.
“LH arnasten” lemapean, ekitaldian hamabosna minutuko iraupena izango duten hiru eztabaida izango dira Euskadiko Lanbide Heziketaren inguruan. Lehenengo eztabaidan Irene Alberdi Ulma Taldeko lehendakariak eta Patxi Olabarria Erkideko (Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioa) lehendakariordeak hartuko dute parte, EAEko Lanbide Heziketaren irudiari buruz hitz egiteko. Bigarren mintzaldian izango dira Nuria López de Guereñu Confebaseko idazkari nagusia eta Alberto García Erauzkin Euskalteleko lehendakaria, enpresen eta LHko ikastetxeen arteko harremanak aztertzeko. Hirugarren eztabaidan, berriz, José Esmoris CIE Automotiveko zuzendari nagusi eta ACICAE – EAEko automozio klusterreko lehendakariak eta José Miguel Erdozain IK4 aliantzako zuzendari nagusiak LHri lotutako berrikuntzari buruz hitz egingo dute.
Saria
Mintzaldien ondoren, Julen Elgeta HETELeko lehendakariak “Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren HETEL Saria” emango dio European Forum of Vocational Education and Trainingi (EFVET), aurrerakuntzan erreferentziako eredua izateagatik. Saria Peter Hodgson lehendakariak jasoko du, eta hitzaldi labur bat eskainiko du ondoren. EFVET Europako Lanbide Heziketako elkartea da, Europan Hezkuntzaren eta LHaren kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko asmoa duena. Horretarako, jardunbide egokiei buruzko jardunaldiak antolatu eta LHko ikastetxeek bertan parte hartzea bultzatzen du, sareak sortzeko eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko, lankidetzako proiektuak eta gaikako sareak sortzeko, eta LHaren kalitatea eta berrikuntza politikak ahalbidetzeko. Lanbide Heziketarekiko konpromisoa erakutsi duten pertsona, enpresa eta erakunde nabarmenen lana eskertu eta goraipatzeko helburua du HETEL Sariak, konpromiso horri esker Lanbide Heziketako ikastetxeek ingurunearen garapenean laguntzeko eginkizuna hobeto bete dezaketelako. Duela bi urte (saria bi urtean behin banatzen baita), EAEko kutxen gizarte ekintza saritu zen.
Ekitaldiak badu beste helburu bat ere: Euskadiko berezitasunei buruzko kontzientzia sorraraztea, bertako elkarteen eta erakunde publiko nahiz pribatuen sareak paregabeak direlako Europan, eta aprobetxatzen jakin behar dugun altxorra eskaintzen digutelako. Julen Elgeta HETELeko lehendakariaren hitzetan, “funtsezkoa da Euskadin horren finkatuta dagoen elkartegintzak beste urrats bat egitea eta elkarteen arteko elkarrekintza sortzaileak ekar ditzakeen aukera eta emaitza guztiak aztertzea. Sortzea, konbinatzea eta lankidetzan jardutea oztopatzen diguten aurreiritziak erauzi behar ditugu, baina, batez ere, gure konpromisoetan eskuzabal jokatzeko prestutasuna izan behar dugu”.
HETEL – Heziketa Teknikoko Elkartea
Lanbide Heziketak urteak eman ditu Euskadin balioa hartzeko borrokan eta onespena lortzeko ahaleginetan. HETEL, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako itunpeko eta irabazi asmorik gabeko ikastetxeen elkartea, 1987an sortu zen, herrialdeko Lanbide Heziketaren eskaintza sustatzeko eta hobetzeko xedez. Gaur egun, itunpeko 21 ikastetxe elkartzen ditu –Arabako 2, Bizkaiko 10 eta Gipuzkoako 9–. Lanbide Heziketa arautua eta Enplegurako Prestakuntza (lanean edo langabezian dauden pertsonentzako ikastaroak) aintzat hartzen baditugu, HETELeko 21 ikastetxeek 20.000 ikasle inguru dituzte.