TrainINN Lab Innobasquek garatutako ekimena da eta ikasgelatik kanpo berrikuntza sustatzea du helburu, gazteak zientziara, teknologiara eta berrikuntzara erakarriz
Donostiako alkate den Juan Karlos Izagirrek badu Donostia hiri berritzaileagoa bihurtzeko lanean non hasi. Izan ere, Innobasquek antolatzen duen TrainINN Lab berrikuntza irekiko laborategian parte hartu duten ikasleek Donostia berritzaileagoa izan dadin garatu dituzten 5 prototipo aurkeztu diote alkateari. Ikasleek Gipuzkoako bost enpresek (Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Itxaslehor, Lagun 24, Ikasplay eta Enea) aurkeztutako beste horrenbeste erronken gainean lan egin dute.
Aipatu laborategian, ikasleei bere ideiak prototipatzen irakatsi zaie ex profeso egindako metodologiaren bidez eta, honekin batera, kontakizun digital bat ere burutu behar izan dute. Aipatu metodologiak 6 urrats ditu: brainstorming-a, storytelling-a, ideia baten aldeko apustua, eskola-materialak erabiliz prototipatua, hautaturiko ideia bazterturikoekin aberastea eta azken aurkezpena. hau guztiari esker, euskal gazteek berrikuntza egiten ikasten dute, eta zientziara, teknologiara eta berrikuntzara era sortzaile eta estimulagarrian hurbiltzen dira. Ikasleek aukera izan dute harreman zuzena izateko inguruko enpresen errealitatearekin, planteatzen dizkieten erronketan parte hartzeko eta beste ikastetxe batzuetako ikasleekin lan egiteko. Oraingoan Axular Lizeoa, Begoñazpi ikastola, Urdaneta eta Karmengo Ama Ikastetxeko ikasleek hartu dute parte, eta unibertsitate-ikasleek dinamizatu dituzte. Enpresek aurkeztutako erronkak eta irtenbide horiek energia berriztagarri eta energia-eraginkortasun, ikus-entzunezkoen sektore, surf, nekazaritzako elikagai eta laguntza-teknologien ingurukoak dira. TrainINN Lab Lab-en parte hartu duten enpresak Donostiako Sustapena-k gidatzen dituen klusterretakoak dira, eta hiriarentzako garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzea dute helburu, Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2014 Planaren esparruan.