Gazteak Europar parlamenturako hauteskundeetan bozkatzearen alde

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen bi herenek datorren maiatzaren 25ean botua emango dutela diote

Gazteen Euskal Behatokiak datorren maiatzeko Europako hauteskundeetan botua emateko asmoa duen galdetu dio Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarri bati. % 41ek konbentzituta esan dute botua ematera joango direla; % 25ek, seguruenik baietz. Portzentaje hauek elkarri gehituta, espero daiteke maiatzaren 25ean Euskadiko gazteen bi herenek (% 66k) hauteskundeotan parte hartuko dutela.

Aldiz, % 13k segurtasunez diote ez direla botua ematera joango eta % 9k, abstentzioaren alde egingo dutela. % 12k ez dakite zer egingo duten.

Neskek mutilek baino neurri handiagoan adierazten dute botua ematera joango direla: nesken % 71k botua emango dute seguru edo seguruenik. Ehuneko hori % 62raino doa mutilen kasuan.
Goi-mailako ikasketak (unibertsitate-ikasketak nahiz goi-mailako heziketa-zikloak) amaituta dituztenek zein ikasten ari direnek, hein handiagoan diote botua ematera joateko asmoa dutela, ikasketa-maila apalagoa dutenek baino (derrigorrezkoak, Batxilergoa edo erdi-mailako heziketa-zikloak): % 71 eta % 47, hurrenez hurren.

Adinari edo egoitzaren lurralde historikoari erreparatuta, ez dago alderik gazteek botua emateko asmoari dagokionez. Gazteek Europako albisteez duten interes-mailan eta aurreko hauteskundeetako parte-hartze mailan daude alderik handienak.

Euskadiko gazteek Europar Batasuneko jarduera politikoan, gertakarietan eta albisteetan duten interesa nabarmen igo da azken urteotan, areago, Europako Parlamenturako hauteskundeak heltzear dauden honetan: 2008an, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 29,2k esaten zutenez, gai horrekin oso edo nahiko interesatuta zeuden; 2013ko amaieran, ordea, ehuneko hori % 49,6 izan da. Hau da, Euskadiko gazteen erdiak Europako gertakariez interesatuta daude.

Europar Batasuneko jarduera politikoan eta eguneroko gertakarietan oso edo nahiko interesatuta dauden gazteen artean, % 80k diote botua ematera joango direla, seguruenik edo nahiko seguru. Gai horietan interes gutxi edo batere ez dutenen artean, erdiek baino gehiagok botua emango dutela esan dute, baina ehunekoak apalagoak dira (% 53).

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE