HETELek eta TECNALIAk hitzarmena sinatu dute ETE industrialetan Lanbide Heziketaren esparruko proiektu berritzaileak sustatzeko

Lanbide Heziketaren arloan enplegagarritasuna handitzea, nazioarteko merkatuetan lehiakortasuna areagotzea eta enpresa txiki eta ertain nahiz mikroenpresa industrialetara berrikuntza hurbiltzea da xedea

HETEL Euskadiko Gizarte Ekimeneko LHko Ikastetxeen Elkarteak eta TECNALIA ikerketa zentroak hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, bi erakundeen arteko elkarlanaren esparrua zehaztu da Lanbide Heziketaren arloan, elkarlaneko jardueren eta proiektuen bitartez, enpresa txiki eta ertain nahiz mikroenpresa industrialetan berrikuntza sustatzeko. Julen Elgeta HETELeko lehendakariak eta Joseba Jauregizar TECNALIAko zuzendari nagusiak sinatu duten hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du.

Ekimen horren bitartez, Euskal enpresa txiki eta ertainetara nahiz mikroenpresetara berrikuntza proiektuak eraman nahi dira, horien lehiakortasuna hobetzeko. Lanbide Heziketako ikasleak dira, hain zuzen, horren guztiaren lotura. Hitzarmenari esker, elkarreraginerako formula berriak identifikatu ahal izango dira, Lanbide Heziketa Berrikuntzarekin lotuko duten eta enpresetara metodologia eta praktika berritzaileak eramatea ahalbidetuko duten dinamika bideragarriak esploratuko dira, ikasleen gaitasun osagarriak garatuz enpresa industrialen berrikuntzan lagundu ahal izango da, eta Euskadiko Lanbide Heziketako Sistemari balio erantsia emango zaio.

Enpresek dituzten premiekiko gertutasunagatik, Euskal Lanbide Heziketa punta-puntakotzat hartzen da Europan, eta horregatik, erreferentziazko eredu bat da beste eskualdeentzat. TECNALIAk guztiz partekatzen duen gazte eta helduentzako profesionalizazio formula bat sustatzen du HETELek, honako kontzeptu hauetan oinarritzen dena: berrikuntza, kalitatea, enpresa eta lan arloko errealitatearekiko harremana, eta erantzukizunaren eta ekimenaren kultura sustatzea.

Hitzarmenaren funtsezko proiektuetako bat Hiru+ izenekoa da. Ikasleek beren Txandakako Prestakuntza TECNALIAn osatzea aurreikusten du proiektuak, enpresaren beraren berariazko teknologiak erabiliz, gero, berrikuntza hori euskal enpresa txiki eta ertainetara eramateko.

Hiru+ proiektua goi mailako Lanbide Heziketan gauzatuko da, eta prestakuntzak eta lan jarduerak ikasle-langileen lanbide kualifikazioa izango du helburu. Horretarako, ikasleek enpresa bateko lan jarduera ordaindua eta TECNALIAn garatuko duten ikerketa jarduera txandakatuko dituzte. Momentuz, proiektua 10 ikaslerekin jarriko da martxan. Horiek 240 ordu egingo dituzte zentroetan (hilabete eta erdi) eta zentro horiekin lotutako enpresetan amaituko dute beren prestakuntza.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE