EGK-k Euskadi mailan egindako gazteen parte-hartzerako lehenengo gida aurkeztu du

‘Gazteen parte-hartzerako gida’-k talde formalak eta ez formalak martxan jartzeko informazio guztia ematen du eta ezaugarri hauekin egiten den lehenengoa da

‘Gazteen parte-hartzerako gida’. Hauxe da Gazteriaren Kontseiluak aurkeztu berri duen lan berriaren izena, gazteen parte-hartzea bultzatzeko gakoekin egin den gida, oso sakona baina dinamikoa eta modu errazan irakurtzen dena. Hau egiteko talde mota ezberdinak hartu dira kontuan: formalak (elkarteetatik alderdi politikoetara) eta ez formalak (asanbladak, erregistratu gabeko mugimenduak edo plataformak).

Argitalpen honetan, ezaugarri hauekin Euskadi mailan eta gazteei zuzenduta egiten den lehena, gazteek egiten dituzten ohiko galderei erantzun nahi izan zaie: zergatik parte-hartu eta non?, Zer gertatzen da nire taldea erregistra–tzen ez badut? Nola sor dezaket elkarte, kooperatiba, kirol kluba, konpartsa edo asanblada bat? Nola kudeatu talde formal edo talde ez formal bat? Zer agiri behar ditut? Zein da kostua? Nora joan behar naiz?

Gidaren ezaugarriak
Dagoeneko, gida eskuragarri dago EGKren webgunean, elkarteak atalaren barnean hain zuzen ere. Hamabi orrialdetan, bai gazteleraz bai euskaraz, talde bakoitza osatzeko pausoak ematen dira, alde onak eta ez hain onak, osaketa, derrigorrezko organoak, beharrezko dokumentazioa eta erregistro nagusienak. Taldea osatuta dagoenean eta kudeaketa eta garapenaren inguruko informazioa ere ematen da: beste erregistro eta erroldak, kudeaketa fiskala eta ekonomikoa eta antolakuntza eta komunikazioa ona izateko aholkuak, besteen artean. Azkenik, esparru honetan lan egiten duten erakunde guztien esteka interesgarriak biltzen dira.

Gida oso interaktiboa egiteko saiakera egin da eta, horregatik, iturri originaletara eramaten duten esteka ugari daude: administrazioetara eta beste eragiletara. Gazteriaren Kontseiluak informazio hau eguneratua izateko konpromisoa hartu du eta ez dabilen esteka, aldaketa legala edo gainbegiratua izan behar den beste moldaketaren bat aurkitzen bada, inprimaki bat jarri da erabiltzaileen eskura. Gida EGKren webgunea eta sare sozialen bidez ezagutzera emango da eta paperezko bertsioa ere argitaratuko da, horrela, laster, EGK-ko egoitza, gure elkarte, gazte informazio bulego eta administrazioen bidez zabalduko da.

http://www.egk.org/

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE