Alkoholik ez adingabeentzat

Eusko Jaurlaritzak alkoholaren kontsumoa arautuko duen lege aurreproiektua aurkeztu berri du. Salmenta zigortuko da baina ez kontsumoa

Eusko Jaurlaritzak alkoholaren kontsumoa arautuko duen lege berriaren aurreproiektua aurkeztu berri du, eta honen helburu nagusienetako bat, gazteen artean ematen den gehiegizko kontsumoa murriztea izango da. Horrela, lege berriak 16 urtetik beherako gazteei tabernetan sartzea debekatuko die, beti ere, pertsona heldu batekin ez badoaz. Gainera, lege berriak alkohola kalean kontsumitzea debekatuko du, batez ere boteiloila delako fenomenoarekin amaitzeko asmoz.

Legearen aplikazioa udaletxeen esku geratuko bada ere, Osasun Sailburua den Jon Darponek lege aurreproiektuaren aurkezpenean argi utzi nahi izan zuen boteiloilaren kasuan ‘zero tolerantzia’ izango dela. Horrela, 600 euroko isunak jarriko zaizkie kalean alkohola edaten dutenei baina kasurik larrienetan, hala nola, hezkuntza zentroen inguruan alkohola adin gutxikoei saltzea, isunak 600.000 eurotaraino irits daitezke.

Legeak alkoholaren salmenta debekatuko du merkatal zentroetan gaueko hamarretatik aurrera. Alkoholaren publizitatea ere arautuko da lege berriaren bidez.

Gazteak ardatz
Osasun Sailburuaren ustez, gehiegizko alkohol kontsumoa dago eta hau normaltzat jotzen da. Sailburuak azaldu duenez, legeak garrantzi handia emango dio gazteen kontsumoari nerabetasunean kontsumo ohiturak finkatzen direlako eta gaztetatik edaten duen norbaitentzat zaila izaten delako kontsumo hori baztertzea. Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen azterlan desberdinen arabera, gazteak gero eta lehenago hasten dira alkohola edaten eta jada koma etiliko kasuak antzeman dira 12 urteko gaztetxoen artean, batez ere, nesken artean.

Darponek aurkeztu duen lege aurreproiektuak ez du soilik alkoholaren kontsumoari aurre egin nahi. Alkoholarekin batera, tabakoaren kontra ere egingo du lege berriak eta, horrela, futbol zelai edota gastronomia-elkarteetan ere erretzea debekatuko da. Alkohola eta tabakoaren kontra joateaz gain, legeak menpekotasuna sortzen duten bestelako elementuen kontrako aholkuak ere emango ditu, adibidez, jokoa, bideojokoak edota sakelako telefonoaren erabilera.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE