Euskal Herri osoko 117 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasle inguruk bisitatu dituzte Zientzia Astearen karpak
Pasa den azaroaren 5 eta 9 bitartean, UPV/EHUk antolatzen ohi duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza ardatz duen ‘Zientzia Astea’ren hamalaugarren edizioa burutu zen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako hiriburuetan. Balantzea egiteko orduan, UPV/EHUko Ikerketa errektoreordea den Fernando Plazaola “oso pozik” agertu da “adin guztietako jendearen aldetik harrera bikaina jaso duelako eta horrek euskal gizarteak zientzian, teknologian eta berrikuntzan duen interesa geroz eta handiagoa dela erakusten duelako”.
Aipatu bost egun horietan, ekimen honen hiru egoitzetara hurbildu zen jende kopuru zehatza jakitea zaila den arren, nabarmentzekoa da Euskal Herri osoko 117 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasle inguruk bisitatu zituztela Zientzia Astearen karpak eta 1.163 lagunek hartu dutela parte tailer eta txango desberdinetan. Horietan guztietan parte hartzeko, ezinbestekoa zen aurretik izena ematea.
Edizio honetan, UPV/EHUk antolatu duen zientzia, teknologia eta berrikuntzaren astearen eskaintza, laburbilduta, honako hau izan da: 39 stand (17 Bizkaian, 11 Donostian eta 11 Gasteizen), 20 tailer (8 Bizkaian, 5 Donostian eta 7 Gasteizen), 16 txango (5 Bizkaian, 5 Donostian eta 6 Gasteizen), bi erakusketa, bi lehiaketa eta lau zientzia-ikuskizun.
Aurten Zientzia Astera hurbildu direnek, oso arlo desberdinetan sakontzeko aukera izan dute, hala nola, burmuinaren funtzionamendua, fisioterapia, ekosistemen osasuna, biologia, robotika, nanoteknologia, energia berriztagarriak, DNA, arkeologia edota biomimetika, beste arlo askoren artean.
Plazaolak azaldu duenez “beste urte batez, Zientzia Asteak izan duen harrera bikaina izan da”. “Ez dago zalantzarik -gaineratu du UPV/EHUko Ikerketa errektoreordeak- Zientzia Astea sendotu egin dela gure gizartean gero eta gehiago diren zientzia eta teknologia zaleen topagune erakargarri gisa”. Era berean, Plazaolak, Unibertsitateko irakasle, ikerlari eta administrazio eta zerbitzuetako langileei eta horiei laguntza eskaini dieten ikasleei eskertu die egindako “lan ordainezinagatik, kalitatezko eta aniztasun handiko eskaintza hurbildu dietelako bertaratutakoei”.