Enpleguaren suntsiketa garbia amaitzen ari da
UPV/EHUk argitaratzen ohi duen Euskadi Lan Txostena kaleratu berri da, 2014. urteko hirugarren hiruhilekoari (uztaila-iraila) dagokiona, hain zuzen ere. Aipatu txostenak zenbait berritasun metodologiko izan ditu, txostenaren zuzendari den Sara de la Ricak azaldu duen bezala, ‘Biztanleria Jardueraren Arabera’ (BJA) datuetaz gain, Biztanleria Aktiboaren Inkestako (BAI) datuak ere erabili baitira.
Horrez gain, txosten berriak aipatu hiruhileko datuak 2007ko epe bereko datuekin alderatu ditu krisiak izan duen eragina neurtu nahian. De la Ricak azaldu duen bezala, “urtez urteko alderaketak eginez zaila izaten da aldaketa nabarmenak ikustea baina, hiruhileko bat krisiaren aurreko azken urteko hiruhileko berarekin alderatuz, epe luzeko ikuspegia lor daiteke”. Txosten honek ematen dituen ondorioetan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko lan merkatuaren osaera azken zazpi urteetan dexente aldatu dela ikus daiteke: “Lanean dauden biztanleak zahartu dira, baina prestakuntza handiagoa dute; hala, bereziki handitu da unibertsitateko ikasketak dituen langile taldeen presentzia (% 34tik % 54ra). Ondorioz, egun EAEn diren langile gehienek goi mailako ikasketak dituzte. Aldiz, lehen mailako ikasketak dituzten langileen taldea ia desagertu da, lanean dauden pertsonen taldetik”.
Txostenaren baitan, krisiak “gizonezkoen” lanpostu askoz gehiago suntsitu ditu “emakumezkoena” baino. Arrazoia nabaria da: krisia bereziki eraikuntza sektorean pairatu da, non lanpostu galera handia izan den eta hau, nagusiki, gizonezkoez osatutako sektorea da. Bestalde, unibertsitarioen igoera gertatu da krisiaren urte hauetan nabarmen igo delako Euskadiko langileen hezkuntza maila. Hala, hezkuntza maila handia dutenen kopurua handitu da kolektibo guztietan, nola langileen hala langabeen taldeetan.
Enpleguaren suntsiketa amaitzen ari da
Txostenetik atera daitezkeen datu positibo eskasen artean, nabarmentzekoa da emakume langileen ehunekoaren igoera (% 46ra iritsi da). Era berean, azterlanak adierazten duenez, badirudi, krisian enpleguaren sorrerak eta suntsiketak izandako bilakaerari erreparatuz gero, enpleguaren suntsiketa garbia amaitu dela. “2014a inflexio urtea izan daitekeela esan daiteke, eta baita enplegu garbia suntsitzeari utziko zaiola ere. Halere, suntsipena jaitsi dela ikusten dugun arren, enpleguaren sorrerak ez du indarrik hartu. Termino garbietan, enplegua ez da sortzen, ezta suntsitzen ere”.