Nerabeek interneten sartzeko dituzten patroiak nabarmen aldatu dira
EU Kids Online ikerketa Sarea 2006an hasi zen haur eta nerabeek interneten izan ditzaketen arriskuak ikertzen. Aurten, talde honek bere lana txosten batean jaso du eta, azken urteetan, nerabeek interneten sartzeko dituzten patroiak nabarmen aldatu direla jasotzen da. Horrela, interneten sartzeko garatu diren gailu eramangarri berriei esker, erabilera gero eta pribatuagoa da. Honek, hein handi batean, arriskuak ere biderkatu egin ditu, behekaldeko grafikan ikus daitekeen moduan.
Laburbilduz, hauek lirateke proiektu honen ondorio nagusienak:
• Adingabeek zenbat eta gehiago erabili internet orduan eta gaitasun digital handiagoak eta etekinak lortzeko aukera handiagoak.
• Internet erabilera guztiak ez dira probetxugarriak; onura adingabearen adin, genero, maila sozio-ekonomiko eta gurasotik jasotzen duen laguntzaren araberakoa izango da.
• Trebetasunak eta aukerak arriskuetara lotuta daude. Zenbat eta gehiago erabili orduan eta prebentzio neurri gehiagoren beharra.
• Guraso, adiskide eta eskolaren papera oso garrantzitsua da eta baita estatu bakoitzean den legedia.
• Pornografia da haurren inguruan interneten den kezkarik nagusiena.
• Eduki biolento edo krudelak bigarren tokian geratuko lirateke.
• Adingabeak benetan gogaitzen dutena benetazko biolentzia da, batez ere beste haurrek edo animaliek pairatzen dutena.
• Online arriskuen gaineko ardura nabarmenki hazten da 9-12 urte bitartean.