Hala ere, eutanasiaren aldeko jarrerak behera egin du azken urteetan
Gazteen Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriak eutanasiaren inguruan duen iritzia aztertu nahi izan du eta, horretarako, ‘Euskadiko gazteak 2012’ txostenan diren datuak erabili ditu.
Azterketaren ondoriorik esanguratsuena honakoa da: Euskadin, lau gaztetatik hiru eutanasiaren alde daude. Oso kopuru handia izan arren, azpimarratzekoa da ere azken urteetan eutanasiaren aldeko jarrera honek behera egin duela. Horrela, 2008. urtean eutanasiaren alde zeudenak % 82 ziren eta, lau urte beranduago, hots, 2012. urtean, %73.
Generoari dagokionez, emaitzek adierazten dutenez, eutanasiaren alde daudenak gehiago dira mutilen artean (% 76) nesken artean (% 70) baino. Ikasketa mailari dagokionez, berriz, emaitzek azaltzen dutenaren arabera, zenbat eta ikasketa maila altuago izan, orduan eta eutanasiaren aldeko jarrera hobea.
Eutanasiarena ez da soilik eztabaida etikoa eta esparru politikora ere pasa da. Hau ere gazteen ideologian islatzen da eta horrela, eutanasiaren alde daudenak gehiago dira bere burua ezkertiatzat jotzen dutenen artean (% 84) bere burua eskuindar edo zentroko jotzen dutenen artean baino (% 68). Erlijioak noski, zer esan handia du honetan guztietan eta, ondorioz, norberaren sinismenaren arabera, alde handiak ikus daitezke gai honen inguruan. Eutanasiaren alde gehien azaltzen direnak gazte ateoak izango lirateke (% 81). Oso gertu, Jainkoarengan bai baina erlijioan sinisten ez dutenak (% 80) eta agnostikoak edo indiferenteak (%79) izango lirateke. Tarte handiagoa somatzen da, jada bere burua katolikotzat jota elizara joaten ez direnekin (%70). Katoliko elizkoi edo praktikanteen artean, ez dago jarrera nagusi bat baina gehiago dira eutanasiaren alde daudenak (% 48), kontra daudenak baino (% 41). Azkenik, katolikoa ez den beste erlijio bateko sinestunak eutanasiaren kontra daudela esan dezakegu, alde baino gehiago (% 47 kontra eta % 37 alde).
Espainian, legerian ez da aurreikusten, ez eta ezartzen ere eutanasiari buruzko berariazko erregulazio osaturik, eta horrelako portaerak aipatzen dituen arau-testu bakarra Zigor Kodea da; zehapen zigorgarria dagoela aipatu baino ez du egiten. Hainbat mugimendu sozial eta politikok, hain justu, eutanasia despenalizatzea eskatzen du.