ari honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, biktimen esfortzu pertsonala eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko eskuzabaltasuna eta ekarpena errekonozitu nahi izan du
Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunenarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik, Giza Eskubideen René Cassin saria eman zien 41 biktimari hauek Euskadin bizikidetzari egindako ekarpena aitortzeko. Izan ere, René Cassin sariaren xedea jendaurrean beren ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak edo gizataldeak jendaurrean aitortzea eta saritzea da. Saritutako biktimak, “Adi-adian” moduluan (ikasgeletan bere lekukotza azaltzean datzan modulua), biktima hezitzaileen aurreko programetan eta “Glencree” ekimenean parte hartu duten biktimak dira (ekimen honetan askotariko biktimak batu ziren).
Sari honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, biktimen esfortzu pertsonala eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko eskuzabaltasuna eta ekarpena errekonozitu nahi izan du. Honetaz gain, biktima guztiek indarkeriaren kontra, eta bizitzaren, giza eskubideen eta bizikidetzaren alde egindako isilpeko esfortzua ere aitortu nahi izan da.
Lehendakariak bere hitzaldian adierazi du saritutako biktimei bakarrik ez, biktima guztiei zuzendutako aitormena dela saria. “Sari honekin biktima bakoitzak bizitzeko egiten duen borroka aitortzen da” bizi izandako esperientzia traumatikoa elkarbizitza-esperientzia bihurtuz, zioen Lehendakariak.
Lehendakariak gaineratu du “ez dagoela aitzakiarik”, “gizartearen eta politikarien betebeharra gutxieneko akordioak aurkitzea dela, bat egiteko, elkarrekin bizitzeko”. Izan ere “bat egitea eta elkarrekin bizitzea posible dela erakutsi baitute biktimek beraiek, bizi behar izan dutena bizita ere” azpimarratu du Lehendakariak.
Amaitzeko, Lehendakariak eskerrak eman die, bai sarituei, baita biktima guztiei ere, Bakea eta Bizikidetzaren alde egindako bere lan eraikitzailearengatik.