Eustatek ezagutzera eman dituen datuen arabera, pasa den ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikasketetan izena eman zuten ikasleen kopurua 413.464koa izan zen. Aurreko ikasturtean izan zen kopuruarekin alderatuta % 0,3ko igoera eman dela azpimarratu behar da. Ildo honetan, lanbide heziketan izan den matrikula kopuruaren igoera oso nabarmena izan da, bai gradu ertainetan (% 5,7 gehiago) bai goi mailako graduetan (% 4,9 gehiago). Dena den, oraindik ere, batxilergoan izena eman duten ikasleen kopurua ( + % 0,6) lanbide heziketako gradu ertainetan izena eman dutenen kopuruaren bikoitza izaten jarraitzen du.
Araubide orokorreko irakaskuntzan den ikasleriaren banaketari dagokionez, 2013-14 ikasturtean, sare publiko eta pribatua % 50 inguruan orekatu dira. Lanbide heziketako gradu ertainetan eta Helduen Hezkuntzan, ostera, ikasleriaren % 62a eta % 98a sare publikoan matrikulatu da, hurrenez hurren.
Daturik kezkagarriena Haur Hezkuntzan (3-6 urte bitarteko ikasleak) eman da, non, 18 urtez jarraian hazkundeak izan ostean, matrikulen kopurua % 1,3an jaitsi da (1.230 ikasle gutxiago). Adituen ustetan, krisi ekonomikoa dela eta eman den jaiotza-tasaren jaitsiera ikasgeletan nabaritzen hasia da.
Helduen Prestakuntza Orokorrean (- % 19), Hasierako Lan Gaitasun Programetan (- % 9) eta Musika ikasketetan (- %1,4) ere ikasle kopurua jaitsi da.
Ikasleria euskalduna
Eustatek ezagutzera eman dituen datuen arabera, araubide orokorreko euskal ikasleria, ia bere osotasunean (% 86), euskalduna dela baiezta daiteke. Derrigorrezko ikasketen kasuan, portzentaje hau % 90era igotzen da. Datu hauek, azken hamarkadan euskarazko irakaskuntzaren alde izan den joera sendotzen laguntzen dute.