Bide-segurtasuna modu dibertigarrian ikasten

Trafiko Zuzendaritzak joko interaktibo bat diseinatu du errepidean prebentzioa, erantzukizuna eta autonomia sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei bideratutako Heim–dal izeneko joko interaktiboa aurkeztu du. Joko horren xede nagusia errepidean prebentzioa, erantzukizuna eta autonomia sustatzea da.

Jokoa helbide honetan eskura daiteke: www.heimdaltrafikoa.eus. Heimdal jokoa bai ikastetxeetan bai familian erabiltzeko modukoa da eta PCn (Windows, Mac eta Linux) eta tabletetan erabil daiteke Linux, Android eta IOS plataformetan. Joko hori modu aktiboan eta dibertigarrian ikasteko diseinatu da. Joko honen bidez, besteak beste, honako helburu hauek ere lor daitezke:
1. Balioak eskuratu eta mugikortasun seguruari buruzko ezagutza jakiten lagundu, ohiko egoeren bidez.
2. Huts egiteko eta nahasteko aukera eman, baita errepideko jarrera ez-seguruek dakartzaten ondorioak zein diren ikusi ere.

Joko adimendun honekin Trafiko Zuzendaritzak, batetik, ikastetxeek beraien urteroko programazioan errepideko hezkuntzari buruzko edukia sartzeko dituzten zailtasunei aurre egin nahi die eta, bestetik, familiei mugikortasun seguruaren alorrean duten hezkuntza-eginkizunean lagundu nahi die.

Teknologia berrien garaian, ez dugu atzean gelditu nahi eta uste dugu Serious Game izenekoak gazteengana zuzen iristeko modu bat direla. Kasu honetan, Heimdal jokoarekin, jolasean arituta ikastea sustatzen dugu, modu dibertigarri eta praktikoan, hain zuzen.”– adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok. “Funtsezkoa da material berriak eta ikasteko modu berriak sortzea, gaur egun oinez eta bizikletarekin dabiltzanentzat, baita, era berean, etorkizunean gidariak izango direnak kontzientziatzeko ere”.

Jokoa Villecity hirian kokatzen da. Hiri hori estualdian dago eta indar arraro bat hiriaren jabe egin da. Norbait bertako herritarrak nahasten eta hiriaz jabetzen saiatzen ari da. Heimdal, segurtasunaren superheroia da, baina ez du indar arraro hori neutralizatzea lortzen eta laguntzaileak behar ditu. Bai baitaki horrela bakarrik lortuko duela garaipena. Jokalarien eginkizuna hainbat misio gainditzea da eta, misio horietan, jokalarien eta beraien ingurukoen segurtasuna kolokan egongo da.

Jokoa segurtasunerako eta bizitzarako gaitasunen ikuspuntutik sortu da. Heimdal hezkuntza-baliabide bat da, sentiberatasunarekiko eta arriskuarekiko kontzientzia handiagoa izateko, taldearen presioari aurre egiteko eta norbera nahiz norberaren emozioak kudeatzeko. Hori guztia inguruneko arretaren eta azterketaren ikuspuntutik landu da, baita errepideko egoera zehatz batzuetan estresa egokitzeko, horrekiko malgua izateko eta hori kudeatzeko ikuspuntutik ere.

Tresna berri hau Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako beste hezkuntza-baliabideei erantsi behar zaie. Trafiko Zuzendaritzak horiek guztiak egoera arriskutsuak saihestuko dituzten errepideko ohitura eta jarrera seguruak sustatzeko ikastetxeen eta familien eskura jarri ditu (webgune honetan eskura daitezke: www.trafikoa.net «Hezkuntzan»). Biak, bai ikastetxeak bai familiak, prebentzioari buruzko lehenengo balioak lantzen diren funtsezko guneak dira, eta gune horietan, hain justu, prebentzioari lotutako ohiturak eta jarrerak, pixkanaka-pixkanaka, beretzen dituzte haurrek.

Eusko Jaurlaritzak gure gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko konpromiso argia dauka, gizartea hartzen dituen arriskuez gehiago jabetzeko eta errepideko segurtasunari eragiten dioten jarrerekiko erabat arduratsua izateko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE