Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak eredu bateratua ezartzen du lanbide heziketarako, prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza uztartzen dituena. Plan hori Europa 2020 Estrategiak markatzen duen agendarekin bat dator
Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea den Jorge Arevalok, Europako Batzordeak gonbidatuta, Euskadiko Lanbide Heziketa eredu berria eta dagoeneko ikastetxeetan egiten ari den eraldaketa azaldu ditu Bruselan, Europako erakundeetako arduradun nagusien aurrean. Enpresa eta Industria zuzendari nagusia den Daniel Calleja eta Enplegu eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia den Detlef Iado-rekin izan ditu horretarako bilerak Arevalok. Euskadiko lanbide heziketak interes handia piztu du Europako arduradunen artean eta, horrela, zuzendari nagusiek beren zuzendaritzetako koordinatzaileentzat ere ireki dituzte bilerok, haiek ere Lanbide Heziketaren arloan Euskadin egiten den lana gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.
Plana eta emaitzak
Arevalo sailburuordeak egun dagoeneko Euskadin errealitate den Lanbide Heziketa deskribatzeko aukera izan du, hau da, Lanbide Heziketaren IV Euskal Planean jasoa gelditu dena. “Trebakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza bateratzen dituen eredua da, Lanbide Heziketako ikastetxeak bizkarrezur dituena. Honi nazioartekotzea gehitzen zaio, Lanbide Heziketako ikastetxeek euskal enpresei nazioartekotzean ere laguntza ematen baitie. Eredu biribila sortu dugula esan dezakegu” –azaldu du sailburuordeak- “planteamenduen koherentziaren gainean eraikia”. Eredu hau ematen ari den emaitzak ere aurkeztu ditu Arévalok.
Europako enpresa, lehiakortasun, enplegu eta prestakuntza politiken arduradunek nabarmendu eta onartu dutenez, Lanbide Heziketaren IV Euskal Plana bakarra de Europako Batasunean, eta Europa 2020 Estrategiarekin bat dator. Estrategia honek, hazkunde adimentsua, jasangarria eta berezitua sustatzea du helburu.
Lanbide Heziketako sailburuordeak 2013ko abenduan aurkeztu zituen Bruselan Euskadiko Lanbide Heziketa eredu berriaren lan ildo nagusiak. Eraldaketa hau gauzatzen hasia eta ikastetxeetan aplikatzen hasia izatean, berriro Bruselara itzultzeko konpromisoa hartu zuen orduan Arevalok. Ondoren baina, adituek nahiz Europako erakundeetako arduradunek 2014ko abenduan Donostian izan zen Nazioarteko Kongresuan bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten eraldaketa hori, eta Euskadiko ikastetxeetako egunerokoan nola ari den aplikatzen.
Enpresa ertain eta txikiei laguntza
Une ekonomiko zaila bizi garen une honetan, Europako enpresa txiki eta ertainak lehiakortasuna galtzen ari dira. Euskadiko ikastetxeetan ezartzen ari den Lanbide Heziketa eredu berriaren xede nagusienetako bat enpresa hauei laguntza eta babesa ematea da. Arevalok Europako agintari eta teknikarien aurrean azaldu duenez, Lanbide Heziketako ikastetxeek bere inguruko enpresei lehiakortasunean laguntza eman diezaiekete, eta ematen ari dira dagoeneko, oinarrizko lau elementu hauetan: ekoizpena, hobekuntza, trebakuntza eta berrikuntza.
Horretarako, batetik, Lanbide Heziketak ikasleen kualifikazioari ekiten dio, enpresek giza baliabideen alorrean dituzten espezializazio beharrei erantzun zuzena emateko. Bestetik, eta enpresei laguntzeko funtzio horren baitan, Euskadiko Lanbide Heziketako zentroek berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten dute, bi ikuspuntutatik: berrikuntza Lanbide Heziketan bertan; eta berrikuntza enpresa txiki eta ertainei aplikatua, bai produkzio prozesuetan, eta baita produktuetan ere. “Eta hau ez da inolako konpetentzia ikerketa zentroentzat edo ikerketa guneentzat”, argitu du. “Hau enpresa txiki batek aldatzen hasteko behar izan dezakeen lehen pausoa da. Aldaketarako erritmoan sartu denean, ziurrenik teknologia zentroekin egin beharko du lan enpresa horrek. Enpresa batek arazoren bat badu, badaki Lanbide Heziketaren atea jo dezakeela laguntza galdeginez. Lehen maila hori gara”, azaldu du sailburuordeak.
Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna Euskadin ez ezik, Europan ere kezka sortzen duen gaia da. Horregatik, gai honek interes handia piztu du Europako agintarien artean, formazio eredu bateratuak bezalaxe.
Zenbait datu
Euskadiko Lanbide Heziketaren eraginkortasuna erakusten duten zenbait datu ere aurkeztu ditu Jorge Arevalok Bruselan. Berrikuntza aplikatuaren eremuan, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek enpresa txiki eta ertainen laguntzarako 240 proiektu ipini dituzte martxan, haien prozesuak nahiz produktuak hobetzeko. Ekintzaile kulturaren inguruko datuak ere esanguratsuak dira. 2014an, Lanbide Heziketako euskal ikastetxeetan 74 enpresa sortu dira, eta 2015erako aurreikuspena ehun enpresara iristea da. Aurrerantzean gainera, Lanbide Heziketako sailburuordetzak urtean ehun enpresa berri sortzea hartuko du helburu. 2004ako irailetik, HurratsBat programa abian jarri zenetik 2014ko abendura, 450 enpresa sortu dira Euskadiko ikastetxeetan eta horietatik %80 lanean ari dira oraindik, krisia krisi.
Euskadiko Lanbide Heziketa: erreferentzia Europan
Bilerak amaitu berritan, gustura azaldu da Jorge Arevalo Europako arduradunek Euskadiko Lanbide Heziketa ereduarekiko erakutsi duten interesarekin. “Euskadiko Lanbide Heziketa erreferentea da Europan dagoeneko, eta gure ikastetxeetan abian diren zenbait alderdi jarraitu beharreko eredutzat hartzen dira, Euskadik gidatuta. Europako beste eskualde batzuetara gure eredutik aplikagarria den oro eramateko interesa erakutsi dute”, nabarmendu du sailburuordeak. “Asko interesatu zaie ikas-ekinezko lanbide heziketa, enpresei eskaintzen zaien laguntza, eta batez ere, ikasleak enplegagarritasun behar berrietarako gaitzeko gure ereduak duen zeregin garrantzitsua. Ekintzailetzari dagokionez ere, ikastetxeetan enpresak sortzeko programen bidez, gure eredua erreferentzia da Europan. Prestakuntza espezializatuan, harrituta gelditu dira, langile espezializatuen premiari erantzuteko gure ikastetxeek duten erreakzio gaitasuna ezagutzean”, gehitu du.