Estatu mailan unibertsitarioen % 19k ikasketak uzten ditu lehen ikasturtea amaitu baino lehen
Urtero, batxilergoko bigarren mailan diren milaka euskal ikaslek bere bizitza, hein haindi batean, baldintza dezakeen erabaki bat hartu behar dute: zein unibertsitate ikasketak aukeratu? Horretarako, lehenik eta behin, Unibertsitaterako Sarbide Proba gainditu behar da eta, ez hori bakarrik, ahalik eta batez besteko nota altuena lortzen saiatu behar dute burutu nahi duten gradu horretan sartu ahal izateko.
Unibertsitate ikasketen hautaketa ez da erabaki erraza eta ondo pentsatu beharreko zerbait da. Estatuko Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, unibertsitarioen % 19k bere ikasketak uzten ditu lehen ikasturtean zehar eta beste gradu bat egitea erabakitzen dutenen kopurua % 1,7koa da. Uzte-tasa altu honen atzean, ia kasu gehienetan, hautaketa desegoki bat aurkitzen da. Hau ekidi–tzeko, funtsezkoa da burutu nahi diren unibertsitate ikasketen inguruan hausnarketa sakona egitea: gradu eskaintza, etorkizun profesionala, lan merkatuan barneratzeko aukerak… BBVA Research-ek egindako ikerketa baten arabera, bere unibertsitate ikasketak alde batera uzten dituen ikasle bakoitzeko Estatuak 5.772€ko galera du. Urtero, 1,5 milioi euroko galera izaten dela balioztatzen dute adituek.
Zalantzak?
Hurrengo urteetan zer ikasiko duzun eta zure bizitzako hainbat urtetan zein lanbide izango duzun aukera–tzea ez da gauza erraza. Horregatik, komenigarria da erabaki hau azken unera arte ez atzeratzea. Batxilergoan diren ikasleek gai honekiko jarrera aktibo bat izan beharko lukete: ikertu, galdetu, unibertsitateak ezagutu… Zer ikasi nahi duen ez dakien horietako bat bazara, ez pen–tsa erantzuna egun batetik bestera azalduko denik.
Adituek azaltzen dutenez, unibertsitate ikasketak aukeratzeko orduan komenigarria izaten da gustoko duzun zerbait hautatzea. Bokazioren bat duten ikasleek errazagoa dute erabaki hori hartzea; bere bokazioa garbi ez duten horiek, ordea, beste zenbait alderdi aztertu beharko dituzte: gaitasun eta trebetasunak, norberak bizi duen egoera pertsonala, baloreak… Zein interes, gaitasun eta jomuga dituzun eta zure burua ondo ezagutzeak burutu ahal dituzun unibertsitate ikasketak aukeratzen lagunduko zaitu.
Izan ere, unibertsitate ikasketak bost adar edo ezagutza alor nagusitan banatzen dira: Zientziak, Osasun-Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Artea eta Humanitateak. Zenbakiekin ondo moldatzen ez den pertsona horietako bat bazara, seguruenik Zientziak eta Ingeniaritza ikasketak baztertu beharko zenituzke… Horrela, zer ikasi nahi duzun baino, zein lanbide izan nahi duzun galdetu beharko zenioke zure buruari.
Kontutan hartu beharrekoak
• Ahaztu dirua: Ikasle askok ikasi behar duten gradua etorkizunean lanbide horretan lor dezaketen diru sarreren baitan erabaki–tzen dute. Printzipioz, ez dago arrakasta ekonomikoa bermatzen duen ikasketarik; hala izango balitz, seguruenik, ikasle gehienek hara joko lukete. Zure ibilbide profesionalean irabaz dezakezun dirua ez da gai hutsala baina gustoko ez duzun lanbide batean aritzen bazara, kostata izango zara profesional arrakastatsua. Ostera, gustoko duzun zerbaitetan lan egiten baduzu, puntako profesionala izateko aukera izango duzu eta, modu horretan, baita diru sarrera handiak izateko aukera ere.
• Zure bizitza, zure erabakia: Esan bezala, unibertsitatean burutzen dituzun ikasketek, hein handi batean, zure bizitza baldintzatuko dute. Horregatik, zuk hartu behar duzun erabakia da. Ez zaitez zure ikaskideekin konparatu; pertsona guztiak desberdinak gara. Ez kezkatu zure ikaskideek jada zer ikasi nahi duten garbi badute; saiatu zure bokazioa aurkitzen. Horretarako, senide, ikastetxeko orientatzaile eta lagunen laguntza izan dezakezu baina, azkenean, erabakia zuk hartu beharko duzu.
• Hartutako erabakiaren zuzentasuna: Hartzen duzun erabakia hartuta, hau zuzena izatea ala ez zure esku dago. Erabakia hartzeko informazioa bildu eta irizpide errealista eta objektiboetan oinarritu bazara, seguraski, gustora izango zara hartutako erabakiarekin. Eta zure gurasoak ere. Behin unibertsitatean zaudela, aprobetxatu denbora eta ez mugatu ikasgaiak gainditzera; saiatu zure ikasgelako onena izaten. Zure buruari jarritako helburuekin konpromisoa hartzen baduzu ez zaizu damutuko eta, epe ertainean, hartutako erabakiak etekina emateko aukera gehiago izan dezake.