Gazte BizHitza: Eta nirea zer?

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Gazte BizHitza web gunea jarri du abian euskal gazteen beharrak asetzeko

Pasa den martxoaren 30ean, Bilboko Azkuna Zentroan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaritzak garatu duen Gazte BizHitza web atariaren aurkezpena burutu zen. Aurkezpen ekitaldi honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte izan ziren.

Ataria hiru atal nagusitan banatzen da: Ikasketak, Lana eta Etxebizitza. Hauexek dira, hain zuzen ere, Euskadiko gazteen hiru kezka nagusiak. Aipatu gai hauen inguruan dituzten kezkei erantzun nahi die atari berriak gaurkotutako eta kalitatezko edukien bidez.

Funtsean, Gazte BizHitza doako orientazio eta aholkularitza online zerbitzua izango da eta erabiltzaileek dituzten zalantzak argitzeko harpidetzeko aukera ere bada. Kontsultarako diren edukietaz gain, aholkulari batek gazteek, emailez, telefonoz edo Whatsappez planteatzen dituzten galderei erantzungo dizkie.

Hurbiltasuna, konpromisoa eta espiritu irekia lelotzat hartuta hurbilduko da Eusko Jaurlaritza gazteengana sareko tresna berriari esker; informazio-bide bat ez ezik, komunikazio-tresna bat ere izan nahi du gazteen kezkak eta premiak hobeto ezagutzeko.

Cristina Uriarte sailburuak aurkezpenean nabarmendu zuenez, tresna horren bitartez arreta pertsonalizatua eman ahal izango zaiela sare sozialen bitartez atariarekin harremanetan jarriko diren gazteei, eta euren prestakuntza- eta lan-beharretan lagunduko diela.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, aldiz, gazteak Eusko Jaurlaritzara gerturatzeko ‘leihoa’ izateko asmoa duela ere azaldu zuen.

p1795B

Atariko edukiak:
• Informazio praktikoa: Hizkuntza hurbil eta errazean idatziriko informazio praktikoa Ikasketen, Lanaren eta Etxebizitzaren inguruan.
• Bideotutorialak: Ikasketen, Lanaren eta Etxebizitzaren inguruko bideotutorialak, motion Graphics teknikarekin eginak.
• Infografiak: Informazio praktikoa laburtzen duten infografiak.
• FAQak: Maiz egiten diren galderen erantzunak.
• Berrien inguruko alertak: Enplegua, hezkuntza deialdiak, nobedadeak, etxebizitza eta bestelako berrien inguruko alertak.
• Kontaktua: Kontaktua whatsappez, telefonoz (call back zerbitzua, telefonoa emanez gero guk deitzen dizugu) edo emailez. Zuzenenan Zerbitzuarekin elkarlanean. Erantzun pertsonalizatuak emango dira ahalik eta azkarren.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE