Eta klaseak 10etan hasiko balira?

Britain Handian egindako ikerketa baten arabera, lo gutxi egiteak eragin zuzena du ikasleen errendimendu akademikoan

Goizean ohetik altxatzeko arazoak dituen horietako bat zara? Klaseak zergatik hasten ote diren hain goiz galdetzen diozu zure buruari goizero? Bada, orain baduzu zure kexa kexa defendatzeko argudio sendo bat. Izan ere, Erresuma Batuan egindako azterlan baten arabera, klaseak beranduago hasteko ideia defendatzen da, nolabait ere, goiz esnatzeak eta lo orduak ‘galtzeak’ eragin zuzena baitu ondoren ikasgelan izan daitekeen errendimenduan.

Gure artean, klaseak 8 eta 8:30 bitartean hasten dira DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleentzat eta bederatziak aldera Haur ea Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Gure inguruneko herrialdeetan antzeko ordutegiak dituzte. Horregatik, Oxford, Harvard eta Nevadako unibertsitateetako ikerlariek ordutegi horiek duten eragina aztertu dute eta ondorioak, ‘Ordutegiak nerabeen biologiarekin sinkronizatu’ izenburuko artikulu batean argitaratu dituzte ‘Learning, Media and Technology’ aldizkarian. Funtsean, ikerlariek klaseko ordutegiak ikasleen beharretara egokitzea eskatzen dute eta ez irakasle edo gurasoen beharretara. Ikerketa burutu duen Paul Kelley zientzilariak azaltzen duenez, “mundu guztiak uste du nerabeek lehenago oheratu beharko luketela, baina nerabetasunean loaren zikloak aldaketa handiak izaten ditu eta, horregatik, gurasoek behar horietara moldatu beharko luketela adierazten dugu”. Izan ere, zientzilari hauek azaldu dutenez, nerabetasunarekin batear erloju biologikoa motelagoa bilakatzen omen da. Arrazoi fiosiologikoengatik, beraz, nerabeak beranduago lokartzen dira, baina lo ordu kopuru berberaren beharra izaten jarraitzen dute (8-9 ordu), bere burmuinak garatzen jarraitzen duelako. Kelley-k azaltzen duenez, “nerabe batentzat goizeko zazpiretan esnatzeko eskatzea pertsona heldu bati goizeko 4:30etan esnatzeko eskatzea bezala izango litzateke”. Klaseak goizeko zortziretan hasteko, ikasle asko goizeko sei-zazpiretan altxatu behar dira. Ondorioz, bederatzi ordu lo egin ahal izateko, gaueko bederatzi-hamarrak bitartean oheratu beharko lirateke baina, Kelley-k azaltzen duenez, “bere garunak ez die hain goiz lokartzen uzten”.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE