Euskadi biztanle bakoitzeko hezkuntzan gehien inbertitzen duen erkidegoetako bat da

Fundación BBVAk egindako azterlan baten arabera alde handiak daude erkidego bakoitzak hezkuntzan egiten duen inbertsioen artean

Fundación BBVAk eta IVIEk ‘Servicios públicos, diferencias territoriales e igualdad de oportunidades’ izenburua duen azterlanaren emaitzak aurkeztu berri dituzte. Aipatu ikerketaren xedea, 2002 eta 2013 bitartean, Estatu mailan zein autonomia erkidegoetan, oinarrizko zerbitzu publikoetan (hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa) izan den gastuaren garapena aztertzea izan da, beti ere, gai honen inguruko eztabaidan datu objektiboak izateko eta hartu beharreko erabakiak ahalik eta eraginkorren izateko.

Ezagutzera eman diren datuen lehen azterketa batetik ondoriozta daitekeen lehen puntua honakoa da: autonomia erkidego desberdinen artean aipatu gastuan ematen diren aldeak oso handiak dira, hainbat kasutan % 60tik gora. Alde hauek azaltzeko, azken urteetan bizi izan den krisi ekonomikora jotzen da. Izan ere, azterlan honetan ematen diren datuen arabera, beherakada nabarmena ikus daiteke, 2007-2013 aldian, oinarrizko zerbitzu publikoetan egindako inbertsioetan.

Azterlanaren arabera, hezkuntza izan da inbertsio falta hau gehien pairatu duen esparruetako bat. Hau, ia kasu gehienetan, autonomia erkidegoen esku dagoen eskuduntza da eta, 2013ko datuei soilik erreparatuta, erkidego desberdinen artean hezkuntzan biztanle bakoitzeko egindako gastuan % 45eko aldea izan dela ikus daiteke. Sailkapen honetan, Euskal Autonomia Erkidegoa (1.124€) eta Nafarroako Foru Erkidegoa (1.107€) dira lehen postuetan, lehena eta bigarrena, hurrenez hurren.
p1830B