Gero eta gehiago dira euskaraz ondo hitz egiten duten gazteak

Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen arabera, 2014. urtean, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %64,4k ondo hitz egiten zuen euskaraz

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak gazteriaren artean den euskararen ezagutzaren gaineko zenbait datu eman ditu ezagutzera. Aztertutako datuak Eustatek bost urtetan behin burutzen duen Bizi-baldintzen inkestatik datoz. Horien arabera, azken 25 urteetan nabarmen hazi da euskaraz ondo moldatzen diren gazteen kopurua. Horrela, 1989an ondo moldatzen ziren gazteak %24,4 ziren bitartean, gaur egun, ehuneko hori %64,4ra hazi da, hots 40 puntu gehiago.

Euskararen hazkundea nabarmena izan bada biztanleriaren adin tarte guztietan, hazkunderik nabarmenena gazteen artean emandakoa izan da. 2014ko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu 15 eta 19 urte bitarteko taldea dela euskara ezagutzearen ehuneko handien duena (% 81,6k ondo hitz egiten duela dio) eta ehunekoak behera egiten du adinean gora egin ahala: % 59,3koa da 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta % 54,4koa 25 eta 29 urte bitartekoen taldean.

Herrialdeka, Gipuzkoa da euskaraz ondo hitz egiten dutela adierazten duten gazten kopururik handiena duena (%74,8). Jarraian, Bizkaia (%60,4) eta Araba (%53,6) aurkituko lirateke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE