Estatuko gazte gehienak kanabisa legalizatzearen alde daude

Inkestan parte hartu duen gazteriaren % 60a droga hau legalizatzearen alde azaldu da. Kanabisa oso arriskutsua dela onartzen duten gazteak ere gehiengoa dira

Fundación de Ayuda Contra la Drogadicción (FAD) elkarteak, pasa den urteko udaberrian, Estatu mailan 16 eta 34 urte bitarteko 1200 gazterekin burutu duen ikerketa baten arabera, espainiar gazteriaren % 60a kanabisa legalizatzearen alde dago. Ikerketa berak azaltzen duenez, gainera, antzeko ehuneko batek droga hori arriskutsutzat edo oso arriskutsutzat jotzen du.

Kontsumoari dagokionez, inkestan parte hartu duten gazteen ia erdiak (% 45,5) helduen kontsumoa baimendu beharko litzatekeela azaltzen du, beti ere, modu pribatuan egiten badute. Kontsumo publikoa defendatzen duten gazteen kopurua % 14,5eraino jaisten da eta kontsumoa guztiz librea izan beharko litzatekeela uste dutenena % 2,7raino. Kanabisa gazteen artean nahikoa hedatuta dagoen droga dela dirudi; soilik gazteen %26ak substantzia horren debekua defendatzen du. Gainera, gazte gehienek kanabisaren salmentak araupetuta egon beharko lukeela uste du; % 54ak botiketan edo antzeko tokietan saldu beharko litzatekeela uste du.

Kanabisaren hazkuntza ere zer esan handia ematen duen gaia da. Horrela, kasu horretan ere, legez araututa egon beharko litzatekeela uste dute gazte gehienek. Adibidez, autokontsumorako norberak bere landareak hazteko eskubidea defendatzen duten gazteak % 31 dira. %18ak, berriz, horretarako talde edo elkarteen eraketa defendatzen du eta %13k, legez araututa bada ere, hazkuntza librea defendatzen du. Gazteen % 58k kanabis taldeen lana defendatzen du, nolabait, droga horren kontsumo arduratsua ahalbidetzen dutelako eta ez dutelako inolako kalterik sortzen. Talde horiek legez debekatu behar direla uste dutenak % 22,4 dira.

Etorkizunera begira, kanabisaren gainean den presioa arinduko dela uste dute gazte gehienek. Horrela, inkesta parte hartu duten gazteen % 37aren iritziz, kanabisak onespen sozial handiagoa izango du Estatuan eta % 30,4aren ustez, legea kontsumo ohituretara egokituko da. Gazteen erdiak baino gehiagok horrek guztiak kanabisaren kontsumoa sustatuko duela uste du.
FADeko zuzendari tekniko Eusebio Megías-ek azaldu duenez, kanabisaren kontsumoan, adin eta sexuaren arabera alde handiak ikus daitezkeela azpimarratu du. Horrela, emakumeek zuhurragoak izateko joera azaltzen ohi dute eta, adinari dagokionez, nerabeek legalizazioaren aldeko jarrera nabarmenagoa azaltzen dute.

Oro har, gazteek kanabisaren kontsumoa arautu beharko litzatekeela uste badute ere, hau droga arriskutsutzat jotzen dute. Azken urteetan droga honen inguruan den arrisku pertzepzioa jaitsi bada ere, gazteen % 60k, oraindik ere, droga arriskutsutzat edo oso arriskutsutzat jotzen dute. Beste askok, aldiz, kanabisaren kontsumoa alkohola edo tabakoaren kontsumoarekin parekatzen dute.

Arriskuaren pertzepzioa kontsumo ohituren arabera aldatzen da. Horrela, gazteen % 62k eguneroko kontsumoak arazoak sor ditzakeela uste du. Astebukaeratan soilik kontsumitzen bada, berriz, arazoak sor ditzakeela uste duten gazteen kopurua % 30etik behera kokatzen da (% 27). Izan ere, noizbehinkako kontsumoa normaltzat jotzen dute gazte gehienek.

Datu horien aurrean, FADeko zuzendari orokor Ignacio Calderón-ek droga horren inguruan lan handia egin behar dela azaldu du. Calderonek azpimarratu duenez, substantzia horren kontsumoak izan ditzakeen arriskuak, batez ere nerabeengan, ikertzear daude. Bere ustez, erabilera ludikoa eta terapeutikoa bereizi beharko lirateke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE