Euskadiko ikasleek ez dute aurten LH6-ko errebalida egingo

Azterketa hori gainditzea ez da derrigorrezkoa ikasturtea gainditzeko baina Uriarte sailburuak Euskadik bere hezkuntza ebaluazio sistema propioa definituko duela azaldu du

LOMCE lege polemikoaren lehen ondorioak agerian geratzen ari dira. Lehen Hezkuntzako 6. mailan egin beharreko errebalidak aurtengo ikasturtean bertan egin behar direla zehazten du legeak baina jada zortzi dira errebalida hori egingo ez dutela azaldu duten Autonomia Erkidegoak (Euskadi, Nafarroa, Kantabria, Aragoi, Katalunia, Kanariar Uharteak, Extremadura eta Gaztela-Mantxa). Gainera, beste lauk errebalida egingo dute baina errekurtsoa jarrita dute Konstituzio Auzitegian (Asturias, Valentzia, Balear Uharteak eta Andaluzia). LH6ko errebalida egingo duten erkidegoak, beraz, bakarrik bost izango dira: Galizia, Gaztela eta Leon, Errioxa, Madril eta Murtzia.

Legeak ezarritakoaren arabera, Lehen Hezkuntzan egin beharreko bi errebalidak ‘diagnosi’ probak besterik ez dira eta ondorioz, ez du eraginik izango ikasleen espediente akademikoan. Modu horretan, ikasleak ikasturtea gainditu ahal izango du nahiz eta errebalida ez gainditu. Hala ere, irakasleek errebalida hori kontutan har dezakete ikasle baten garapenaren inguruko erabaki bat hartzeko.

Lehen Hezkuntzarako diseinatutako bi errebalida horiez gain, gogoratu behar da Wert Legeak beste bi errebalida gehiago aurreikusten dituela, bata DBH4 ikasturtearen amaieran eta bestea Batxilergoko bigarren ikasturtearen amaieran. Azken bi kasu horietan, errebalidak halabeharrez gainditu beharko dira ikasturtea aprobatu ahal izateko. Printzipioz, bi errebalida horiek datorren ikasturtean ezarriko dira. Dena den Estatuan den ziurgabetasun politikoa ikusirik ez dago garbi zer jazoko den. Izan ere, gaur egun oposizioan dauden alderdi nagusiek, behin eta berriro azaldu dutenez, Alderdi Popularra gobernutik kanpo geratzen den une berean LOMCE legea bertan behera utziko dutela iragarri dute. Estatuko gobernua osatu arte, beraz, ez dugu jakingo Estatu mailan hezkuntza arautzen duen legearekin zer gertatuko den.

Bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan, Cristina Uriarte sailburuak LH6ko errebalida ez dela ikasturte honetan egingo berretsi du. Uriarte diagnosi proba horien alde azaldu zen pasa den urtean hirugarren mailako zenbait ikaslek ebaluazio diagnostikoaren proba egin zutenean. Sailburuaren ustez, ebaluazio diagnostikoaren proba onuragarria izan daiteke zentro eta ikasleentzat azken horiek gaitasunak modu egokian barneratzen ari diren ala ez isla dezaketelako. Hala ere, Wert Legean zehazten den izaeraren kontra azaltzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoan LH6ko errebalida ez dela ikasturte honetan egingo azaldu du. “Gauza bat da guk geuk gure proba diseinatzea, ez Madrildik Ministroak bidaltzen digun hori, eta beste bat gure hezkuntza modeloarekin bat datorren proba diseinatuta izatea. Gauza horiek denboraz egin behar dira eta ikasturte honetan, argi eta garbi, Euskadin ez da egingo” adierazi du.

Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza ministroarekin izan ondoren egindako prentsa agerraldian Uriartek ikasleek ikasturte bakarra eman dutela kurrikulu berriarekin azaldu du. Bere ustez ez da zentzuzkoa Estatuan den ziurgabetasun politikoa ikusirik halako proba bat hain azkar planteatzea. Datorren urteari begira ezarri beharko liratekeen beste bi errebaliden inguruan gobernuak oraindik ez duela erabakirik hartu azaldu du.

Méndez de Vigo Hezkuntza ministroak, berriz, LOMCE derrigorrez bete beharreko legea dela gogoratu du. Uriarterekin izandako bileraren inguruan, biek ikasleen ebaluazioaren garrantzia eta beharra azpimarratu dute. Ildo horretan, Euskadik beharrezkoak ikusten dituen ekarpenak egin ditzala eskatu du, modu horretan, beste Autonomia Erkidegoekin batera ahalik eta modelo adostuena lor baidaiteke. Ministroak EAEn den eskola-uzte tasa baxua ere txalotu du.

p2032B