Lanbide Heziketako ikasleak lantokiko prestakuntza eta heziketa dualaren enpresako egonaldia euskaraz egiteko erraztasunak ematea da gidaren xedea
Lanekik Lanbide Heziketako ikasleen artean euskarazko praktikak sustatzea helburu duen Lanpres izeneko gida aurkeztu du. Laneki elkartea Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko nahiz itunpekoek bultzatutako ekimena da eta bere xedea euskarazko ikasmaterialak Lanbide Heziketako ikastetxeen esku jartzea da, Prestakuntza Zikloetan erabil ditzaten.
Aurtengo ikasturtean, 14 000 ikasle inguru ari dira Lantokiko Prestakuntza egiten eta horietatik %20 inguru euskaraz ari da. Ehuneko hori handiagoa izan dadin, Lanpres Gidak ikastetxeetako proiektuak, jardunaldiak eta foroak izan ditu kontuan. Lanekik lanbide heziketako lan esparruan lan egiten duten eragile desberdinen ekarpenak ere jaso ditu.
Gida Lanekik Bilbon antolatutako jardunaldi batean aurkeztu da eta bertan, besteak beste, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte eta Lanekiko Kepa Altube eta Rikar Lamadrid eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbao izan ziren. Uriarte sailburuak adierazi duenez, “euskarak egun duen erronkarik handienetako bat trebakuntza prozesuak, ikasleen praktikak, euskara bera, enpresa mundua eta lan mundua uztartzea da“.
Kepa Altuberen esanetan, “lanbide heziketako ikastetxeek ahalik eta baliabide gehien izan behar dituzte ikasleek bere praktikak euskaraz egiteko aukera errazteko“. Lanekiko kideak azaldu duenez, “Lanbide Heziketa eta enpresen arteko harremana ona da baina batzuetan zenbait gauza automatikoki egiten dira eta D ereduan ikasi duten ikasleek bere praktikak gaztelaniaz egin izan dituzte nahiz eta enpresan euskaldunak diren instruktoreak izan. Praktiketako ikasleari enpresara sartzerakoan euskaraz ez badiote hitz egiten, aurrerantzean beti egingo du erdaraz, nahiz eta euskalduna izan“. Altubek azpimarratu duenez, enpresek lanbide heziketari enpresa mundua euskalduntzeko laguntza eskatzen diote.
Lanekik martxan jarri dituen baliabideen artean, adibidez, praktikak egiteko bete beharreko inprimakietan horiek zein hizkuntzatan egin nahi diren galdera azaltzeko baliabideak garatu ditu.
Lanpres gida jakinbai.eus web orrialdean eskura daiteke.