Nolakoa da Bizkaiko gazteria?

Bizkaiko Foru Aldundiak ‘15/29 Panoramika. Bizkaiko gazteak Euskadiko eta Estatuko ikuspegian (1981-2011)’ izenburuko azterlanaren ondorioak aurkeztu berri ditu. Azken 30 urteetan gazteen kopurua erdira murriztu da

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko gazteriak azken 30 urteetan izan duen eboluzioa aztertu. Horretarako, hamar aldagai nagusitan oinarritu da: biztanleriaren bilakaera, dentsitatea eta nazionalitatea; adin taldeen eta sexuaren araberako bilakaera eta egitura; gazteria adin taldeen, nazionalitatearen eta sexuaren arabera; ezkongabetasuna eta ezkontza-tasa; ezkontza-desegiteak; jaiotza-tasa eta ugalkortasuna; heriotza eta bizi-itxaropena; hezkuntza; jarduera, enplegua eta langabezia; eta, azkenik, emantzipazioa.

Txostenaren aurkezpen ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiko zuzendari nagusi Maitane Leizaolak azaldu duenez, “txostenak ez du baloraziorik egiten, joerak eta datuak identifikatzen ditu; horiek guztiak oso baliagarriak dira datozen erronkak zeintzuk diren eta nola egin behar zaien aurrera identifikatzeko. Erronka horiek epe ertainerako belaunaldi aldaketaren arazoarekin zerikusia dute; izan ere, gure zahartze indizeak gora jarraitzen du. Gainera, berebiziko lotura dute enplegagarritasuna sustatzeko eta gazteen behin-behinekotasunari aurre egiteko premiarekin. Gazteen langabezia agenda orokorrean dago, baina Bizkaian arazoa larriagotzen da kualifikazio handia duten Lurraldeko gazteen aldi baterako kontratazioa nagusi delako“, erantsi du.

15/29 Panoramika. Bizkaiko gazteak Euskadiko eta Estatuko ikuspegian (1981-2011)” izenburua duen txostena Bizkaiko gazteei eta Euskadiko eta Estatuko gazteriarekin alderatutako ikuspegi batetik izandako aldaketei buruzko datu eta joerak jasotzen dituen azterlan soziologikoa da. Leizaolak azpimarratu duenez, ikelan au ezaugarri horiekin orain arte egin den bakarra da.

Hauek izango lirateke aztertu diren aldagai bakoitzak emandako ondorio nagusienak:
• Biztanleriaren bilakaera, dentsitatea eta nazionalitatea:
Bizkaiko biztanle kopuruak %2,8 egin du behera azken 30 urteetan. Gero eta pertsona eta gazte gutxiago daude.
• Adin taldeen eta sexuaren araberako bilakaera eta egitura:
Bizkaian diren gazteen kopurua % 44an jaitsi da. 20 urtetik beherako gazteen kasuan, beherakada % 51koa izan da. Ostera, 64 urtetik gorako pertsonen kopurua % 115an hazi da. Bizkaia zahartzen ari dela uzten du agerian txosten honek; 20 urtetik beherakoek biztanleria osoaren %17 besterik ez dira gaur egun (2011. urteko datuak).
Sexuari dagokionez, emakumezkoak nagusi dira: 94 gizon daude 100 emakumeko. Baina gazteen kasuan kontrako joera ematen da, 100 emakumeko 104,5 gizon daude.
• Gazteria adin taldeen, nazionalitatearen eta sexuaren arabera:
Azken urteetan fenomeno demografiko garrantzitsu bat garatu da Bizkaian: immigrazioa. Gero eta gehiago dira beste herrialdeetatik etorritako pertsonak eta horiei esker, nolabait, gazteen kopurua apaltzeko joera leundu da. 1991etik 2011ra bitartean, gazte etorkinen kopurua 13 puntutan hazi da. Horrela, 1991an 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 0,4 etorkinak ziren bitartean, 2011an % 13,3 ziren.
• Ezkongabetasuna eta ezkontza-tasa:
Bizkaian ezkongabetasuna da joera orokorra gizon zein emakumeen artean. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 95a ezkongabea da. Ezkontzarako batez besteko adina 34,5 urtetan kokatu da gizonen kasuan eta 32,3 urtetan emakumeen kasuan.
• Ezkontza-desegiteak:
Gero eta gazte gutxiago ezkontzen dira eta gero eta ezkontza-desegite gehiago daude.
• Jaiotza-tasa:
Gero eta jaiotza gutxiago daude. 2011. urtean 10 680 haur jaio ziren Bizkaian, 1981an baino heren bat gutxiago. 15 eta 29 urte bitarteko oso emakume gutxi izaten dira ama; amatasunaren batez besteko adina nabarmen atzeratu da. Gainera, hainbat kasutan, ama gazteen artean asko ezkongabeak dira.
• Heriotza eta bizi-itxaropena:
Normala den bezala, gazteen heriotza-tasa oso txikia da. bi sexuetan, 15 eta 29 urte bitarteko 100.000 bizkaitarren artean hildako 29 gazte baino ez daude. Kanpoko kausak, eta, gero, gaixotasunak dira gazteen heriotzaren eragile nagusiak, batik bat, gizonen artean: zirkulazio-istripuak motordun ibilgailuekin, itotzeak etab. Egiaztatu da 2010. urtetik 2011. urtera suizidioen edo nork bere buruari eragindako lesioen ondoriozko heriotzek gora egin dutela.
Bizkaian, 2011. urtean, jaiotzako bizi-itxaropena munduko luzeenetako bat zen: 82,1 urte.
• Jarduera, enplegua eta langabezia:
2001an lanean ziren gazteen kopurua % 35,3koa zen. Langabezia-tasa, berriz, %22,9koa zen. Krisia dela eta, jarduera-tasek (urteko batez bestekoak) behera egin zuten, baita enplegu-tasek ere.
• Emantzipazioa:
Emantzipazio berantiarraren fenomenoa areagotu egin da aztertutako hiru hamarkadetan eta, bereziki, emakumeen artean. Bestalde, ezkontzaren erakundeak eraginkortasuna galdu du emantzipatzeko ”igarotzeko erritual” gisa; Izan ere, emantzipatutako gazteen artean ezkongabetasuna erabat nagusitzen da, baita 25 eta 29 urte bitarteko taldean ere. Beste pertsonarik ez duten familiak etxe-mota nagusia izaten jarraitzen dute emantzipatutako gazteen artean; hala ere, familiarik osatzen ez duten pertsona anitzeko etxeek garrantzi erlatiboa bikoiztu dute.

Oro har, lanean egotea beharrezko baldintza bat da gazteak emantzipatzeko, baina ez da nahikoa. Lan-kolokatasuna eta etxebizitzen prezio altuak dira lanean dauden pertsonak emantzipatzeko faktore mugatzaileak.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE