Ahotsak unitate didaktikoaren inguruan garatutako ekimena da
Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateek (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) bakea eta bizikidetzaren inguruko gogoeta prozesua jarri dute martxan. Ekimen hau Ahotsak unitate didaktikoa izango du ardatz eta bertan, aipatu hiru unibertsitateetako 300 ikasle inguruk hartuko du parte.
Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen hiru errektoreei, Bakegintza eta Bizikidetza Planaren barnean jorratutako proiektuen xehetasunak ezagutzeko. Iñaki Goirizelaiak (UPV/EHU), José María Guibertek (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxak (Mondragon Unibertsitatea) 2015ean gauzatutako Ahotsak proiektua eta herritarren parte-hartzera zuzenduko den ekitaldi honetako ekimenen edukia aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzaren eta unibertsitateen arteko lankidetza 2014an sinatutako elkarlanerako hitzarmen baten ondorio da, Bakegintza eta Bizikidetza Planari lotua. Unibertsitateei zuzendutako ekimenari dagokionez, ikus-entzunezko zenbait edukien selekzioa eta gai hori lantzeko giden prestaketa aurreikusten da. Gainera, eskolabakegune.euskadi.eus web orrialdean terrorismoa, indarkeria edota giza eskubideen urraketak jorratzen dituzten dokumental eta filmen inguruko informazioa izango da eskuragai. 2015ean gauzatutako proiektuan, bake eta bizikidetzarako hezkuntza txertatu da unibertsitate-esparruan, Deustuko Unibertsitatearen zuzendaritza pean. Zehazki, Ahotsak izeneko unitate didaktikoa sortu da, ikus-entzunezko materialen bilduma bat eta gai horiek unibertsitate-esparruan lantzeko laguntza-gidak eskaintzen dituena. Aurten berriz, herritarren parte-hartzea sustatzeari ekingo zaio. Udalen eta askotariko gizarte-erakundeen esku jarriko den bitarteko erabilerraz bat sortu eta eskaintzea da xedea, herritarrek memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntzan parte hartzea sustatzeko. Bitarteko horren oinarrian egongo dira Idazkaritza EiTBrekin batera sustatzen ari den azken bost hamarkaden gaineko memoria kritikoari buruzko bost dokumentalak.
Lehendakaria eta errektoreen arteko bilera amaitu ostean, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández prentsaren aurrean agertu da hiru unibertsitateetako ordezkariak alboan zituela: Iker Uson (Deustuko Unibertsitatea), Pello Urkidi (UPV/EHU), Begoña Pedrosa (Mondragon Unibertsitatea). Fernándezek unibertsitateetan egindako lana goraipatu du, eta, esan duenez, horien ekarpenarekin koska bat egin da aurrera bizikidetzaren eta memoria anitzaren eraikuntzan.