373.117 ikaslek hasi dute Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikasturte berria. LOMCE berean ez ezartzeak ziurgabetasuna sortu du
Hasi da 2016-17 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan. Datu estatistikoei dagokienez, aldaketa gutxi aurkezten ditu ikasturte berriak, baina LOMCE legearen ezarpena dela eta ez dela ziurgabetasuna azaldu da. Izan ere, hau LOMCEren bigarren ikasturtea dugu. Pasa den ikasturtean, Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan eta Oinarrizko Lanbide Heziketa berriko lehen mailan ezarri ziren LOMCEk dakartzan berrikuntza edo aldaketak eta ikasturte honetan, aldiz, Lehen Hezkuntzako beste mailetan, DBHko bigarren eta laugarren mailetan, batxilergoko lehen mailan eta Oinarrizko LHko bigarren mailan ezarri beharrekoa da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek hasiera ofiziala eman zion 2016-2017 ikasturteari Bilboko Felix Serrano Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean. Hasiera irailaren 7an izan zen, beste zenbait autonomia erkidego baino zenbait egun lehenago.
Guztira 373.117 izango dira Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan bere ikasketak egingo dituzten ikasleak. Aurreko ikasturtearekin alderatuta %1eko igoera eman da baina Haur Hezkuntzako Lehen Zikloan azken urteetan izan den beherakada mantentzen da. Ondorioz, jaiotzen beherakada dela eta, gero eta gutxiago dira hezkuntza-sisteman sartzen diren haurrak. Beherakada horrek, gainera, isla izan du Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan ere. 2 eta 5 urte bitarteko ikasleen artean matrikulazioa % 3,27an jaitsi da.
Aurreko ikasturteetan bezala, aurten ere oreka handia dago sare publikoan eta itunpeko sarean ikasten duten ikasle kopuruen artean. Horrela, ikasturte honetan ikasleen % 50,9k sare publikoan ikasiko du eta % 49,1ak, berriz, itunpekoan. Hizkuntza ereduei dagokionez, gero eta nabarmenagoa da D ereduaren nagusitasuna. Haur Hezkuntzan, adibidez, ikasleriaren % 77,8k euskarazko ereduan eman du izena. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, 0,7 puntuko igoera izan da eredu horretan. Txanponaren beste aldean gaztelania nagusi duen A eredua aurkituko litzateke. Haur Hezkuntzan sartu berri diren ikasleen % 4k bakarrik hautatu du eredu hori. B ereduan, hots, eredu elebidunean, ikasleriaren % 18,9 arituko da; iaz baino 0,2 puntu gehiago.
Uriarte sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak ahalegin ekonomiko handia egin du bekei bideratutako diru-kopurua handitzeko. Horrela, guztira 55 milioi euro bideratuko dira unibertsitatez kanpoko ikasketen beketara, hots, iaz baino milioi bat euro gehiago. Gainera, hala behar izanez gero, kopuru hori handitzeko konpromisoa ere azaldu du Uriartek.
LOMCE dela eta sailburuak zer gertatuko denaren zain geldituko ez direla ohartarazi du. Hezkuntza arloko eragile guztiek LOMCEren eragin kaltegarriak saihesteko lan handia egin dutela azpimarratu eta Heziberri 2020 lan horren guztiaren ondorioa dela adierazi du Uriartek. Sailburuak azaldu duenez, Heziberri 2020ren zenbait alderdik Espainiako Gobernuaren errekerimendu judiziala jaso dute; adibidez, ikasleak garaiz aurretik ez bereiztea edota errefortzu programak. Gogoratu behar da ikasturte honetan LOMCE bere osotasunean ezartzea eskatzen duela Espainiako Gobernuak baina Jaurlaritzatik behin eta berriro azaldu denez ez dira DBH eta Batxilergoko errebalidak burutuko. LOMCEk ezartzen duenez, errebalida horiek derrigorrezkoak dira titulua lortzeko eta, horrek, kezka sortzen du guraso zein ikasleengan. Gogoratu behar da, batxilergoko errebalidak ez duela datorren ikasturtera arte ondorio akademikorik izango. Momentuz Selektibitatea egingo da orain arte bezala eta Lehen Hezkuntzako 3. mailan LOMCEk eskatzen duen errebalida ere azken bi ikasturteetan bezala egingo da.
Lanbide Heziketari dagokionez, azpimarratzekoa da matrikuletan izan den igoera, % 5,3koa, hain zuzen ere. Uriartek azaldu duenez, Lanbide Heziketak duen enplegagarritasun-tasa altuek gero eta ikasle gehiago erakartzen dituzte.