La Caixa Gizarte Ekintzak 113.700 euro bideratuko ditu Urratsbat programaren bidez ikasleek sortzen dituzten enpresak laguntzeko
Euskadiko Lanbide Heziketak eta la Caixa Gizarte Ekintzak duela bi ikasturte sinatutako lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hitzarmen horren helburu nagusia ikasleen ekintzailetza sustatzea eta bultzatzea da eta, horretarako, la Caixak Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan sortzen diren enpresak finantzatuko ditu. Guztira, 113 700 euro izango dira gazte ekintzaileen egitasmoa sustatzeko bideratuko den diru-kopurua.
Aipatu lankidetza akordioaren baitan, gainera, Ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeratzen dituzten ikasleentzako 52 beka ere eskainiko dira. Beka horiek, bidaia gastuak ordaintzeko laguntza izango dira. La Caixako ordezkariak azaldu duenez, hitzarmen hori banketxeak gazte-langabezia murrizteko hartu duen konpromisoaren barruan aurkitzen da. Horretarako, ekintzailetza eta auto-enpleguaren aldeko ahalegina indartu dute eta, horren ildora, gizarte bazterkeria arriskuan dauden per–tsonei lana errazteko Incorpora programa diseinatu dute.
Urratsbat programa 2004-2005 ikasturtean jarri zen martxan eta, gaur egun, 57 ikastetxe ari dira bertan parte hartzen. Sorreratik, programak 1473 proiektu ekintzaile tutorizatu ditu eta, horietatik, 615 ekimen gauzatzea lortu da, hots, 615 enpresa berri sortu dira. Pasa den ikasturtean bakarrik, adibidez, 92 enpresa sortu ziren. Sortutako enpresa horietatik guztietatik hiru laurden inguruk jardunean jarraitzen dute. Urratsbat programak ekintzailetzaren aldeko lan garrantzitsua egin du bere ibilbidean zehar eta, guztira, 70 mila ikasle inguruk ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa jaso du.
Bestalde, joan den 2015-2016 ikasturtean Ikaslan Elkarteko ikastetxeetako 471 ikaslek (309 Goi Mailako Zikloetako ikasleak, eta 162 Erdi Mailakoak) Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbehereetara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera. Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 20 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen maila bertatik bertara ezagutzeko.